Zubietako erraustegiko sute baten ondorioz bederatzi langile artatu dituzte
Zubietako erraustegia, artxiboko irudi batean.Dani Blanco / Argia Zubietako erraustegian sute bat egon zen asteazkenean, hilak 19an, 10:30ak aldera, bolumen handiko hondakinen birrintzailearen barruan. LABek salatu du zuzendaritzaren erantzuna ez zela pertsonak babestea izan, baizik langileak “zuzenean arrisku gunera bidaltzea baizik”, taldeetan banatuta suteari aurre egin behar izan zioten langileek, “suhiltzaile profesionalak balira bezala”.
Sutean esku hartu behar izanaren ondorioz, bederatzi langile artatuak izan ziren ke toxikoa harnastu zutelako. Ez hori bakarrik, hurbilen zeuden sute ahoak erabat apurtuta zeudela salatu du sindikatuak, “baliabiderik gabe, materialik gabe eta enpresaren aldetik inolako aurreikuspenik gabe” langileek itzaltze lanak inprobisatu behar izan zituztela jakinarazi du sindikatuak, “industria suteak itzaltzeko balio ez duen mangera arrun bat” baliatuz.
Kudeaketa negargarria izan zela adierazi du sindikatuak eta derrigorrezkoak diren prebentzio neurrien falta “dramatikoa” izan dela nabarmendu du: “bederatzi langile artatu behar izan dituzte larrialdietako suhiltzaileek eta osasun langileek, zaborraren errekuntzak sortutako ke toxikoen ondorioz intoxikazio larria jasan ostean”.
Jazotakoa salatzeko, berehalako ikerketa, erantzukizunak argitzea eta prebentzio neurriak eskatzeko elkarretaratzera deitu du LAB sindikatuak hilak 24an, astelehena, 13:00etan, Zubierako erraustegiaren sarreran.


