Donostia Arraun Lagunak-ek den-dena irabazi du
Euskotren liga bosgarrenez eskuratu du 'Lugañenea' traineruak, bandera guztiak astinduta eta estropada guztietan lehen aldiz onenak izanda.
Donostia Arraun Lagunak-eko ordezkariak, Plaza Berriko udaletxe zaharrean egindako udal harreran.EH Bildu Sebastian bat bada zeruan, eta Donostia Arraun Lagunak da bakarra Euskotren ligan. Izena eta abizena goraino eraman dute den-dena irabazita: hamabost banderak eta hamasei estropadak. Hain zuzen ere, Lugañene ontzia da marka hori ezartzen lehena. Gainera, bosgarrenez eskuratu dute liga, eta San Juanen lorpena berdindu dute —orain arte liga gehien zituena—.
Helburua liga irabaztea bazen ere, 2024an lorturikoa berdintzeko eta hobetzeko gogoa zuten. Orduan ere, bandera guztiak astindu zituzten, baina ez zituzten estropada guztiak irabazi. Hain zuzen ere, Zarauzko bigarren jardunaldiko estropadan bigarren tokian geratu ziren. Pasa den asteburuan, ordea, bi jardunaldiak eskuratu zituzten donostiarrek. Horrela, liga 128 punturekin —eskuratu daitezkeen guztiak– bukatu dute.

Zarauzko banderaren bi jardunaldiak irabazita jaso du Euskotren ligako titulua ‘Lugañenea’ ontziak.Aitor Arrizabalaga
Merezitako harrera
Donostiako Udalak hamabost bandera, hamasei estropada eta liga irabazi ostean omendu zuen atzo Donostia Arraun Lagunak, eta ez lehenago. Hain zuzen ere, Juan Mari Etxabe entrenatzaileak Berria egunkariari eskainitako elkarrizketa batean udalaren jarrera deitoratu zuen: “Bandera asko irabazi ditugu, eta udalak ez digu harrerarik egin behin ere”.
Azkenik, udaleko ordezkariek atzo egin zioten merezitako harrera Donostia Arraun Lagunak klubari. Jon Insausti alkatea ez zen harreran izan, baina bai Nekane Arzallus alkateordea eta Iñaki Gabarain kiroletako zinegotzia. Era berean, beste udal taldeetako zinegotzi batzuk parte hartu zuten.
Bosgarren Kontxako Bandera
Denboraldi historikoa biribiltzeko, Arraunek Kontxako Bandera bosgarrenez astintzeko helburua du. Aurten ere, ez dute sailkatze estropada jokatu beharko, eta Donostiako badian beste marka bat ezartzeko asmoa dute. Izan ere, bosna Kontxa dituzte San Juanek eta Galiziak, eta lorpen hori ere berdintzeko bidean da Lugañenea ontzia.

