Donostiarrak mailari eusteko kanporaketa jokatu beharko du
Gizonezkoen traineruak, berriz, Eusko Label ligako ohorezko txandan sartzeko lehian jarraitzen du.
Donostiarrako nesken 'Bantxa' ontzia, Zarauzko banderaren bigarren jardunaldian.Aitor Arrizabalaga Ez da denboraldi erraza izaten ari Donostiarraren bi traineruentzat. Euskotren liga azken aurreko tokian bukatu berri dute emakumezkoek, eta aurten ere mailari eusteko kanporaketa jokatu beharko dute. Eusko Label ligan, berriz, seigarren postuan daude gizonezkoak, eta lau onenen ohorezko txandan sartzeko helburuari eusten diote, oraindik beste lau jardunaldi falta direnean.
Lekeitioko estropadan lorturiko laugarren postua izan da nesken Bantxa ontziaren emaitzarik onena, eta beste hirutan bosgarren tokian sailkatu ziren. Halere, izandako irregulartasunagatik bukatu dute sailkapen orokorreko zazpigarren tokian, 47 punturekin. Horrez gain, Kontxako Banderaren sailkatze estropada jokatu beharko dute datorren astean, ligako ordezkari donostiar onenak, Donostia Arraun Lagunak-ek, lortu duelako gonbidapen zuzena.
Mutilen Torrekua II ontziak ligako lau onenekin lehiatzeko helburuarekin abiatu zuen sasoia, baina nahi eta ezin dabiltza. Orio, Zierbena, Urdaibai, Getaria eta Hondarribia gainditzea kostatzen ari zaie, eta emaitza onak lortu dituzten arren, ohorezko txandan sartzeko aukera urruntzen joan da jardunaldiek aurrera egin ahala. Ligako hamazazpi estropada jokatuta, sailkapeneko seigarren postuan daude 130 punturekin.


