Igor Jauregi 'Gartxot' zendu da, Parte Zaharrean aritutako bardoa
Itzaltzuko bardoaren izena goitizen gisa hartuta, euskarazko herri kantutegiaren piezak eskaintzen eta konpartitzen zituen kalean.
Igor Jauregi 'Gartxot' kantaria.Joserra Beloki Donostiarra ez bazen ere, donostiar askok ezagutzen zuten Igor Jauregi Somoza Gartxot (Errenteria, 1971-2026) kantaria. Parte Zaharreko hainbat txokotan aritzen zen kantuan; batez ere, Narrika kalearen izkina batean eta San Jeronimo kalean. Igandean, hilaren 23an, zendu zen Gartxot, 55 urte zituela.
Itzaltzuko bardoaren izena goitizen gisa hartuta, euskarazko herri kantutegiaren piezak eskaintzen eta konpartitzen zituen kalean: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Imanol Larzabal, Xabier Lete eta Antton Valverde musikarienak, besteak beste.
2015ean, Jon Pagola kazetariak Gartxotekin hitz egin zuen, haren bizitzaren berri emateko Kulturaldia atarian. 15 urterekin etxetik joan zen, eta denbora asko eman zuen Nafarroan bizitzen. Hain zuzen ere, Iruñean hasi zen kantuan, 1990eko hamarkada erdialdean. “Lehendabizi, eserita kantatzen nuen, baina, pixkanaka, altxatzen hasi nintzen, nire lekua topatu arte”, adierazi zuen bardoak. Gerora, Euskal Herriko beste hainbat herri zein hiritan aritu zen abesten, eta horrela iritsi zen Donostiara.
Isunak, soilik Donostian
Gartxotek Parte Zaharrean kantatzea gustuko zuen, baina 2016ko udan oztopo batekin egin zuen topo. Donostiako Udalak espazio publikoa arautzeko ordenantza berri bat jarri zuen martxan, eta hori betetzen ez zuten kaleko musikariei isunak jartzen hasi zen. Gartxot ere zigortu zuten, eta horrela kontatu zuen Berria egunkariak 2017ko uztailean argitaratutako erreportaje batean: “Hogei urteko ibilbidean lehen isuna egun gitarra jotzen dudan lekuan izan zen, Donostiako Parte Zaharreko San Jeronimo kalean, 50 euroko isuna jarri zidaten. Ordenantza horrekin bidali ninduten txoko horretatik”.
Udalak ezarritako ordenantzaren arabera, kaleko musikariek 47 gune dituzte hirian emanaldiak egiteko. Gune horietatik kanpo dago Parte Zaharra. Horrela ere, Gartxotek gustuko zuenari eutsi zion: “Isuna jaso ostean ere jarraitu dut Parte Zaharrean gitarra jotzen, eta inoiz ez didate ezer esan. Donostiako jaien bueltan udalak izaten duen jarrera da soilik. Parte Zaharreko dendak eta bizilagunak nirekin zeuden, ez dut inoiz haiekin arazorik izan”.
Egiari zor, 2017 urteaz geroztik, pixkanaka, Parte Zaharra utzi zuen Gartxotek. Denbora da auzoan haren ahots sarkorra eta gitarra hotsa entzuten ez zirela. Orain, soilik oihartzuna da geratu dena, eta ikusi ahal izan zutenen oroitzapena.
Haren musikagintza, berriz, bizirik dago, Errenteriako bardoak bi disko argitaratu zituelako: Zazpi haizetara (2003) eta Mahatsatik sagarrara (2008). Hain zuzen ere, bigarren laneko pieza bat entzun dezakezue jarraian, hari eskainitako eskelan ere aipatu dutena.

