Irail bat bete film, Kresala Zineklubaren eskutik
El diablo fuma y guarda las cabezas de los cerillos quemados en la misma caja (2025)Kresala Zinekluba Irailean hasiko da Kresala Zineklubaren denboraldi berria; ekainean egin zuten azken aldia, eta udako azken txanparekin emango diote jarraipena. Hala, Trueba zinema aretoan izango dira emanaldiak, 19:30ean.
Irailaren 1ean hasiko da denboraldia: El diablo fuma y guarda las cabezas de los cerillos quemados en la misma caja (Ernesto Martinez Bucio, 2025). 1990eko hamarkadako Mexiko Hirian kokatutako filma da, eta amona baten eta bere bost biloben istoria du ardatz, errealitatea eta fikzioa uztartuz.
Irailaren 8an, hala, Phantoms of July (Julian Radlmaier, 2025) proiektatuko dute. Adiskidetasun ezohiko bat, abentura, erromantizismoa. Dena batuko dute Ekialdeko Alemaniako zerbitzari batek eta Irango youtuber batek.
Irailaren 15ean, El Pisito (Rafael Azcona, 1958). Istorio honetan, Rodolfo eta Petrita ezkontzeko etxe baten bila dabiltza, inolako arrakastarik gabe. Hala, proposamen ezohiko bat egiten diote Rodolfori, arazoari konponbidea emateko. Film hau, gainera, atzera begirakoen atalean sartu du zineklubak, beste film batzuekin egindako zerrendan. Denak ala denak, Azconarenak izango dira, 100 urte beteko bailituzke aurten zuzendariak.
Amaitzeko, irailaren 29an, En el camino (David Pablos, 2025) eskainiko dute. Mexiko Iparraldean kokatutako film honetan, Venenok, etxerik gabeko gazte batek Muñeco kamioilariarekin bidaiatzea lortzen du. Bidean, ustekabeko intimitatea sortuko da bien artean, baina Venenok iraganeko itzalekin topo egitean, bien bizitzak arriskuan geratuko dira.

