Mamadou Sarr izango da Realaren lehen fitxaketa
Erdiko atzelari gaztea Chelsea taldeak utzita etorriko da Donostiara, txuri-urdinen atzeko lerroa indartzeko.
Mamadou Sarr jokalaria.Chelsea Hedabide eta futbol aditu batzuek aurreratu dutenez, Mamadou Sarr izango da Realeko gizonezkoen taldeko lehen fitxaketa. Klub txuri-urdina erdiko atzelari baten bila ibili da pasa den denboraldia bukatu zenetik, eta hainbat saiakera egin ondoren, Ingalaterrako Chelsea taldeko gaztea da hautaturikoa. Xabi Alonso da haien egungo entrenatzailea, eta badirudi txuri-urdin ohia erabakigarria izan dela Donostiara utzita ekartzeko.
Sarr-ek 21 urte beteko egun gutxi barru, eta 1,94 metroko altuera du. Jaiotzez frantziarra bada ere, herritartasun bikoitza dauka eta iazko azaroan Senegalgo selekzioarekin jokatzea erabaki zuen. Hau da, haren gurasoen jatorrizko herrialdearekin. Dagoeneko hainbat partidatan aritu da Senegalekin, eta pasa den Munduko Futbol Txapelketan izan zen. Ordea, ez zuen minutu bakar bat ere jokatu.
Atzeko lerroa
Iragan denboraldiko Realaren gabezia nagusietako bat defentsako lana izan zen, eta ligan gol gehien jaso zituen taldea izan zen. Hori dela eta, Pellegrino Matarazzo entrenatzaileak atzeko lerroa indartzeko asmoa agertu zuen. Are gehiago, Aritz Elustondo eta Duje Caleta-Car —utzita aritu zen— erdiko atzelarien agurraren ondoren.
Une honetan, Jon Martin, Igor Zubeldia eta Jon Pacheco dira lehen taldeko erdiko atzelariak, eta Sarr-ek laukotea osatuko luke. Bigarren taldeko Luken Beitia eta Kazunari Kita ere aintzat hartzekoak dira. Ikusteko dagoena da Matarazzok zeinen aldeko apustua egiten duen.
Udako merkatua zabaldu zenetik —irailaren 1ean itxiko da—, asko dira Realarekin lotu dituzten erdiko atzelariak. Sarr gaztearen aurretik, beste hirurekin negoziatzen aritu dira Erik Bretos kirol zuzendaria eta Jokin Aperribai presidentea. Nayef Aguerd (Olympique Marseilla) marokoarra bigarrenez utzita ekartzeko akordioa lortu zuten arren, ez zuen mediku azterketa txuri-urdinek espero moduan gainditu. Ladislav Krejci (Wolverhampton) txekiarra fitxatzen ere ahalegindu dira, baina garestiegia zelako baztertu dute. Azkenik, Jonathan Jesus (Cruzeiro) brasildarra fitxatzeko Brasilera joan ziren Bretos eta Aperribai, eta esku hutsik bueltatu ziren.

