Realak emaitza on bat lortu nahi du Txapeldunen Ligako atarikoaren joanekoan
Chelsea talde indartsuaren aurka ariko dira Londresen, 19:45ean. Gizonezkoek, berriz, Real Madrilen kontra jokatuko dute Santiago Bernabeu zelaian, 21:00etan.
Realeko nesken taldea, Londresen.Reala Bi partida, eta biak dira garrantzitsuak. Realeko lehen mailako bi taldeek asko izango dute jokoan, gaur iluntzean. Txapeldunen Ligako atarikoaren joanekoa jokatuko dute gaur Chelsea talde indartsuaren kontra, Londresko Stamford Bridge zelaian (18:45ean han, 19:45ean hemen). Emaitza on bat lortzea dute helburu, irailaren 2ko itzulerako neurketarako.
Denboraldiaurrean Olympique Lyon talde esanguratsuaren kontra berdindu ostean, txuri-urdinek kanporaketa konfiantzarekin har dezakete, arerioan maila aintzat hartuta. Izan ere, Chelsea Ingalaterrako talde indartsuenetakoa da, zortzi liga eta sei kopa irabazita. Gainera, Txapeldunen Ligako txapeldunordeak dira, eta pasa den sasoian final-laurdenetara iritsi ziren. Jokalari garrantzitsuak dituzte, eta horiei aurre egitea izango da erronka.
Arturo Ruiz entrenatzaileak ez ditu jokalari guztiak eskura izango. Klubak atzo jakinarazi zuenez, Aiara Agirrezabala, Sonya Keefe eta Maria Molina min hartuta daude. Horrela ere, Athletici irabazi zioten Euskal Herria Kopan maila onean aritutako jokalariak bere aginduetara izango ditu. Esaterako, Intza Egiguren, Nerea Eizagirre, Ainhoa Marin, Ainoa Campo eta Ava Seelenfreund.
Erronka zaila
Gizonezkoen taldeak ere erronka zaila izango du, gaur, 21:00etan. Real Madrilen aurka ariko dira Santiago Bernabeu zelaian, ligako lehen jardunaldiko partida atzeratuan. Betisen aurka galdu ostean, berriz ere etxetik kanpo ariko dira txuri-urdinak, eta punturen bat pilatzeko lana gogor egin beharko dute. Batetik, Jose Mourinho entrenatzailearen bigarren aroko lehen partida ofiziala izango delako, Madrilen. Bestetik, Realaren sentsazioak ez direlako onak, denboraldiaurre bukaeratik hona.
Fitxaketarik egin gabe, eta bazterturiko jokalariak zein min harturikoak albo batera utzita, Pellegrino Matarazzo entrenatzaileak hamaikakoarekin asmatu egin beharko du. Batez ere, defentsako akatsak saihesteko, eta erasoan eraginkorrak izateko. Taldearen deialdia ikusita, baliteke Mikel Oiartzabal kapitainak hasieratik jokatzea, Sevillan gertatu ez bezala. Bestalde, Ander Barrenetxea osatu dela dirudi, eta Goncalo Guedes ere deialdian da.

