Erabakita geratu dira Antiguako 78. Pilota Txapelketako final handiak
Antiguako 78. Pilota Txapelketako asteazkeneko finalerdia.Antiguako Pilotazaleok Atzo arratsaldean, asteazkenarekin, jokatu ziren Antiguako 78. Pilota Txapelketako bigarren finalerdiek osatu dute larunbateko, hilaren 29ko, finalen kartela. Hilabete osoan zehar harmailak bete dituen ikusminari amaiera emateko, hiru kategoria nagusietako sei bikote onenak lehiatuko dira txapel preziatuen bila, 11:00etatik aurrera.
Asteazkeneko finalerdia
Bigarren finalerdi jardunaldiak erritmo handiko neurketak utzi zituen Antiguako pilotalekuan:
Emakumezkoen eliteari dagokionez, Laia Salsamendik eta Naroa Agirrek 22-16 gainditu zituzten Goiuri Zabaleta eta Andrea Capellan. Zabaleta-Capellan aurretik ibili ziren hasieran, baina 13-13ko berdinketaren ostean Salsamendiren ausardiak aurrean eta Agirreren segurtasunak atzean, partida euren aldera eraman zuten.
Gizonezkoen Promesak kategorian, Ibon Ibarrak eta Álvaro Cansecok autoritatez irabazi zieten Igor Nazabal eta Mikel Leoneti (22-11). Hasiera-hasieratik abiadura handia ezarri zuten, Cansecok atzean emandako sendotasunari esker.
Eta, amaitzeko, gizonezkoen elitean, Oihan Etxeberriak eta Unax Apeztegiak 22-11 menderatu zituzten Xabier Apaolaza eta Oier Elorz. Partida oso lehiatua joan zen 11-11kora arte, baina momentu horretan Apeztegiak agintea hartu, Etxeberria errematean bikain aritu eta 11 tanto jarraian eginda itxi zuten lehia.
Larunbateko finala
Asteartean lehen finalerdietatik sailkatutako bikoteekin batera (Arraiza-Gaminde, Ramirez-Apeztegia eta Lizeaga-Balerdi), larunbateko norgehiagokak honela geratu dira:
- Emakumezkoen Elitea: Arraiza – Gaminde / Salsamendi – Agirre.
- Gizonezkoen Promesak: Ramirez – Apeztegia II / Ibarra – Canseco.
- Gizonezkoen Elitea: Lizeaga – Balerdi / Etxeberria – Apeztegia.
Sarrerak eta jarraipena
Jaialdia 11:00etan hasiko da eta leihatila 09:00etan irekiko da. Sarrerarik ezin denez aldez aurretik erreserbatu eta txapelketa osoan zehar sarrerak agortu egin direnez, antolakuntzak goiz joatea gomendatu du. Pilotalekura joaterik ez dutenek Antiguako Pilotazaleok YouTube kanalaren bidez jarraitu ahal izango dituzte hiru finalak zuzenean.

