Gehiegizkoa izan da jasotako gol kopurua
Realeko neskek galdu egin dute Chelsearen kontra, Txapeldunen Ligako atarikoaren joanekoan (5-2). Mutilek ere astindua jaso dute Real Madrilen zelaian (4-1).
Realeko neskak Chelsearen aurkako partida bukaeran.Reala Asteazken beltza izan zen atzokoa Realarentzat. Nesken eta mutilen lehen taldeek gol gehiegi jaso zituzten jokaturiko partidetan. Dena dela, norgehiagoka desberdinak izan ziren, jokoan zutenari, jokatu zutenari eta emaitzari erreparatuta.
Emakumezkoen Realak galdu egin zuten Chelsearen kontra, Londresen, Txapeldunen Ligako atarikoaren joanekoan (5-2). Porrotak ez du islatzen txuri-urdinek erakutsitako maila eta lehiakortasuna. Bi aldiz lortu zuten berdintzea Ainhoa Marin eta Cecilia Marcos donostiarraren golekin. Dena dela, etxeko taldeak aurrealdean duen kalitatea baliatu zuen kanporaketa bideratzeko. Ezin esan erabakita dagoenik, baina markagailua iraultzeko balentria egin beharko dute irailaren 2an, Zubietan.
Astindua
Gizonezkoen Realak ere amore eman zuen Real Madrilen aurka, Santiago Bernabeu zelaian (4-1). Galtzea aurreikusten zuten askok, baina ez gertatu zen moduan. Lehen zati ona egin zuten txuri-urdinek, hamaikako deigarri eta ausart batekin. Izan ere, hasieratik aritu ziren Job Ochieng eta Luken Beitia bigarren taldeko jokalariak. Mikel Oiartzabal kapitainaren gidaritzapean, atsedenaldira berdinketarekin iristea lortu zuten. Zehazki, Luka Sucic kroaziarrak berdindu zuen neurketa. Bigarren zatian, ordea, aldaketekin eta Real Madrilen erauntsiarekin, beste hiru gol jaso zituzten, eta gehiago izan zitezkeen.
Bitik bi neurketa galduta, une honetan, sailkapeneko azken postuan dago Reala. Larunbatean, Anoetan Espanyolen aurka jokatuko duten partidak neurtuko du taldearen benetako sasoia.

