Kalu prest dago itsasora itzultzeko
Kalu dortoka.Nagore Garmendia Donostiako Aquariumeko Biologia Sailak arrakastaz birgaitu du Kalu izeneko Caretta caretta espezieko dortoka. Ale hau aurtengo martxoaren 24an erreskatatu zuen Borja Izturitzek, Satanas2 izeneko bere ontzian arrantzan ari zela, Donostiako kostaldetik gutxi gorabehera bi miliara. Aurkitu zuenean, Izturitzek berehala antzeman zuen dortokak arnasketa arazoak zituela.
Esther Irigaray Aquariumeko zuzendariak espresuki gogorarazi du, halako kasuetan, garrantzitsua dela 112 zenbakira deitu eta animalia lasai utzi behar dela, ukitu gabe. Hori eta gero jartzen da martxan erreskatu prozesua: Sareusek jarraitu beharreko pausuak zehazten ditu, eta egoeraren arabera, dortoka Aquariumera iristen da, zaintzarik behar izango balu: “Bereziki azpimarratu nahi dut garrantzitsua dela animaliak ez manipulatzea; batzuetan, lagundu nahian, mesede baino kalte gehiago egiten diegu”.
Kaluren egoera
Erreskatearen unean, animaliak bi kilogramo inguruko pisua zuen eta bere oskola 25 zentimetrokoa zen. Bost hilabete baino gehiagoz, berarentzat bereziki prestatutako zirkuitu irekiko tanke batean eduki dute dortoka, uraren tenperatura 22 eta 25 gradu artean mantenduz.
Epe horretan, hainbat antibiotikoren bidezko tratamendua jaso du sendatzeko, eta oskola ere garbitu behar izan diote, krustazeoren bat baitzuen itsatsita: “Garbi ikusten zen nola hartzen zuen arnasa. Bitxia zen, erabat fusionatuta zegoela ematen zuen, baina kendu ahal izan genion; epe luzera, arazoak izatea saihestu dugu, plastroia zeharkatu baitzezakeen”, azaldu du Arantxa Garmendia Aquariumeko biologoak. Egun, Kaluk 29 zentimetroko tamaina hartu du eta ia hiru kilogramo pisatzen ditu.
Ez da bakarra
Donostiako Aquariumak itsas faunaren kontserbazio programa aktibo bat du 2000. urteaz geroztik. Normalean, animalia hauek Atlantikoko korronteek eramanda iristen dira Kantauri itsasora, eta ingurune hotz horrek hipotermia eragiten die. Urte hauetan, zaurituta, desorientatuta edo gaixorik iritsitako Caretta caretta espezieko dortoka korapilatsuaren dozenaka ale erreskatatu, birgaitu eta askatu dituzte.
Historia horretan hainbat erreskate eta itsasoratze nabarmentzen dira. Berriki, 2025eko urrian, Pluma, Morla eta Laida Caretta Caretta espezieko dortokak itsasoratu zituzten; 2024ko abuztuan, Aquiles, Pirata eta Portu batera itsasoratu zituzten Donostiako portutik bi miliara. Aurretik, 2023ko ekainean, Bermeon aurkitutako dortoka korapilatsu bat askatu zuten egonkortze prozesu baten ostean; 2019ko urrian, guztiz sendatutako beste bat askatu zuten Bizkaiko Basafaunaren Zentroarekin elkarlanean, eta azkenik, 2018ko ekainean, arrantza sare baten ondorioz hegats bat nekrosatuta zuela 2014an erreskatatutako Donosti dortoka enblematikoa askatu zuten Mediterraneoan (Oropesa del Marren).
Markatzea, bihar itsasoratzeko
Itsasoratu aurretik, markatze protokolo zehatz bat jarraitzen da beti. Lehenik, satelite bidezko seinalea igortzeko gailu bat (GPSa) finkatzen da dortokaren oskolaren goiko aldeko keratinazko ezkutuetan. Guillermo Lopez Torrens arduratu da horretaz, Tragsatec enpresarentzat lan egiten duen profesionala. Horretarako, hiru fasetan antolatzen da prozesua, Lopezek azaldu duenez: “Lehenik, epoxi materialezko eta beira zuntzezko lehen geruza bat jarriko dugu, ondoren jarriko diogun materiala –erretxina epoxiko bat izango dena– egonkortzeko, eta bertan kokatuko dugu igorlea”.
Igorle hori geldirik egoten da urpean, baina dortoka arnasa hartzera ateratzean aktibatzen da, sentsore bidez. Orduan, Argos sareko satelite meteorologikoei datuak bidaltzen dizkie, koordenatu geografiko zehatzak erregistratuz. Datu horiei esker, biologoek eta ikertzaileek migrazio ibilbideak, elikatzeko eremuak eta tratamenduaren epe luzeko eraginkortasuna egiaztatu ditzakete.
Hala, hori guztia egin ondoren, biharko goizeko hamarretan itsasoratuko dute Kalu, Donostiako kaitik bi milietara.

