Ogitartekoak banatzea soilik ez, argazkiak egitea ere eragotzi diete
Ogitartekoak banatzera bidean zeuden hainbat boluntario identifikatu dituzte, eta gainera, argazkiak ezin dituztela atera esan diete, Kaleko Afari Solidarioak taldeak jakinarazi duenez.
Ogitartekoak banatzea oztopatzeko hiru polizia patruila gerturatu ziren.KAS Kaleko Afari Solidarioak taldeak sare sozialetan zabaldu duen mezuaren arabera, bart berriro ere identifikatuak izan ziren ogitartekoak banatzen ari ziren hainbat pertsona. “Jazarpena, identifikazioa eta kontrola” dela nabarmendu du talde solidarioak, eta gaineratu du esku hartzera hiru polizia patruila bertaratu zirela “ogitartekoekin janaria banatzera zihoazen pertsonei bidea mozteko”. Horrez gain, jakinarazi dutenez, operatiboaren arduradunak “ezin dela argazkirik atera” adierazi zien bertan zeuden boluntarioei.
Kaleko Afari Solidarioak taldeak egoera “zentzugabekeria” dela adierazi du, eta hainbat gertaera nabarmendu ditu: Lehenik, afariak debekatu zituztela, orain ogitartekoak banatzea oztopatzen ari direla, boluntarioak identifikatzen ari direla eta haien orgak kontrolatzen dituztela ere. Bestetik salatu dute polizia baliabideak janaria eramatea eragozteko erabiltzen ari direla, eta gainera, gertatzen ari dena dokumentatzea ere eragozten saiatzen ari direla.
Gaur arratsalderako egin du talde solidarioak ibilaldia egiteko deialdia, Parte Zaharra orgaz betetzeko, 19:30ean. Ondoren, 20:00etan Plaza Berrian elkartuko dira.

