74. Donostiako Zinemaldiak 31 euskal ekoizpen eskainiko ditu
Familia argazkia egin dute, Tabakalera parean, urtero legez.Maddi Viana 31 euskal ekoizpen ikusi ahal izango dira 74. Donostiako Zinemaldian, irailaren 18tik 26ra bitartean. Horietako hemeretzi lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko —Zinemaldian estreinatuko direnak, hain zuen ere—. Saria 20.000 eurokoa izango da, irabazten duen filmeko ekoizleentzat.
Donostiako zinemagile batzuen lanak ikusteko aukera egongo da aurten, besteak beste Koldo Almandozen Azken agurra, Ander Merino Etxebestek Fermin Muguruzarekin zuzendutako Muguruza FM 40 Tour, Aritz Morenoren Karateka, El Diario Vasco-ko Iñigo Puerta kazetariak, komunikabideko zuzendaria den David Tabernarekin aurkeztuko duen Izarrak filma edo Gemma Gonzalez Martinezek zuzendutako Las hijas del mar (Itsasoaren alabak).
Hori bakarrik ez, Donostian grabatutako bi nazioarteko film ere egongo dira Zabaltegi-Tabakalera eta Perlak sailetan: zuzendari malaisiar Tsai Ming Liangen Weichen (Dust) eta Nanni Morretti italiarrak Venezian estreinatutako Succederà questa notte.

