Auzoko jaiak berriro bihurtuko dira oporren osteko elkargune
Ikasturteari ekin aurretik azken jaia zain dute Añorga Txikiko bizilagunek. Ohi bezala, iraileko lehenengoan ospatuko dute asteburu luzeena. Berez, egun bakarreko jaia bada ere, ostiral arratsaldeko zati bat ere hartzen du, hurrengo egunak ekarriko duen guztirako beroketa gisa.
Atzerako kontaketan ia sartuta, irailaren 5era begira, azken ukituekin dabil Añorga Txikiko jai batzordea. Egitarau osoa hemen ikusgai. Otsail inguruan hasi ohi dira prestatzen, baina udan gauzak «enkistatu» egiten dira. Taldean gehiengoa diren gazteak «oso langileak» direla aitortu arren, bestelako erritmo eta patxada bat dutela uste du Silvia Oses kideak. Alegia, data handiaren gertutasunak gehiago urduritzen dituela beteranoak. Edonola, gazteek protagonismoa eta ardura hartzen joatea nahi dute, baita taldea zabaltzea ere.
«Auzoarentzat eta adin guztietarako» festa izatea dute xede. Ordu gutxitan pilatzen dute dena, baina noizean behin berritasunak barneratzeko aukera ere badute. Aurten, elektrotxaranga izango da. «Arratsalde oso polita gelditu zaigu. Bazkaldu ondoren, jaien aldeko mojitoak egingo ditugu berriro, oso harrera ona duen ekitaldia delako; ondoren, Añorgako erraldoi eta buruhandiak ibiliko dira, eta gero, poteoa egingo dugu Ondoezik elektrotxarangarekin», azaldu du Osesek. Eguna Olgetan taldearen erromeriarekin amaituko dute, «nahiko goiz», 23:00etan hasita, gazteenek edo familiek ere parte hartzea errazteko.
Lehia, osagai izar
Larunbat goizean, berriz, betikoa: sagardo dastaketa, sardina jana eta patata tortilla txapelketa. Azken horren arrakasta nabarmendu du jai batzordeko kideak. 40 bat lagunek parte hartzen dute, auzo txiki batentzat «pasada bat» da, eta «pike politak» egoten omen dira familia barruan eta lagunen artean. Partaideek etxean egindako sorkuntzak eraman behar dituzte lehiaketara eta ondoren, nahi duenak, berea banatzen du. Bezperan, aldiz, haurrentzako bizkotxo txapelketa aurrera eramango dute. Honen berezitasuna arduradunak nerabeak direla da, 6. maila amaitu eta ikastola bukatu dutenak, zehazki.
Osesen esanetan, auzotarren erantzuna beti da ona. «Abuztuan auzoa nahiko hutsik egoten da, batzuk badoaz, beste batzuk badatoz. Jendeari gustatzen zaio jaia, oporren ondoren elkartzeko unea da, eta gazteentzat azken festa ikasturtea hasi aurretik». Paella jate herrikoia jendetsua izaten da, 250 pertsona baino gehiago elkartzen dira, eta ostiraleko mozorro poteoa ere urtez urte indarra hartzen ari da. Gai zabal baten alde egin ohi dute, mozorro erraza edo landuagoa egiteko aukera ematen duena. Aurten, irudimenaren uretan murgiltzeko aukera emango die itsasoak. «Oso dibertigarria da, jendea gero eta gehiago animatzen baita mozorrotzera. Polita da hori ikustea», onartu du jai batzordeko kideak.
Esku faltan
Hanka-motz gelditzen den zita bakarra igandekoa da: garbiketa. Egitarauan jasotzeaz gain, antolatzaileek beste behin jendeari dei egin diote laguntzera etor dadin. «Saiatzen gara jendeak uler dezan jaietan ere lana badagoela, eta laguntzea garrantzitsua dela», laburbildu du kideak.

