Bero olatu gehiago, baina hondartzara jaisteko bide gutxiago
Donostiako Klub Nautiko pareko harrizko eskailerak ere desagerrarazi nahi dituzte, eta ondorioz, Parte Zaharreko auzotarrek hondartzara joateko bide geroz eta gutxiago dituzte, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak adierazi duenez.
Auzotarrek harrizko eskailerak erabiltzen zituzten hondartzara jaisteko.Maddi Viana Nautikotik Kontxako hondartzara jaisteko, bide bat baino gehiago egon da urteetan zehar. Kontua da marea oso baxu dagoenean erabili daitezkeela metalezko eskailerak hondartzara joateko, horregatik, Donostiako Klub Nautiko parean dauden harrizko eskailerak erabiltzen zituzten bizilagunek hondartzatik joan-etorriak egiteko. Baina, eskailera horiek ur azpian geratzen dira marea igotzerakoan, olatuek hautsi egiten dituzte… Klub Nautikoak behin-behineko metalezko bi eskailera jarri zituen orain dela bi urte, baina itsasoak hautsi egin zituen eta ordutik ez da mantentze lanik egin.
Lehen, Espainiako Gobernuko Kostaren Zuzendaritzaren esku zegoen horrelakoak mantentzea, orain Eusko Jaurlaritzaren kontua da, ordea. Hala eta guztiz ere, Klub Nautikoak mantentzen zituen, kideek ere erabiltzen zutelako. Orain dela bi urte inguru, ordea, klubak gehiago ez konpontzea edo garbitzea erabaki zuen, eskubide osoz.
Beraz, Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen eskailera horretan, ez dira behar diren mantentze lanak egin, erakundeak beste proiektu bat duelako esku artean: Nautikoa eta itsasoaren artean dagoen pareta hori berritzea. Berritze lan horretan, ordea, harrizko eskailerak desagertuko dira.
Uztailaren 28ko 22/1988 legearen 28.4 artikuluaren arabera, «ez da inola ere baimenduko itsasorako sarbidea eteten duen obra edo instalaziorik, baldin eta interesdunek ez badute proposatzen irtenbide alternatiborik, Estatuko Administrazio Orokorraren iritziz, konponbide horrek aurrekoaren antzeko baldintzetan eraginkortasuna bermatuko duenik».
Hortxe dago gakoa, Donostiako Klub Nautikoak beste eskailera batzuk jarri ditu, metalezkoak. Eskailera horiek, baina, hondartzatik urrutiago daude, beraz, marea oso baxu egon behar da erabili ahal izateko –eta, ondorioz, bide hori erabiltzen duten auzotarrak hondartzan denbora gutxiagoz egon daitezke–; gainera, eskailera horien parean harri mordoa dago. Poltsekin, umeekin, hondartzako aulkiarekin doanak, edo mugikortasun arazoak dituenak, ezin ditu eskailera horiek erosotasunez erabili.
Modu eta bide gutxiago
Bestalde, metalezko eskailera horiek Nautikoan dagoen egurrezko plataforman hasten diren zementuzko eskailera –oso– pikoen leku berdinean amaitzen dira: zementuzko plataforma batean. Horrela, hondartzara bide hori egiteko, ez da beharrezkoa klubaren atea erabiltzea.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kideek argudiatu dute elkarbizitza badagoela, ez delako halako jende mordoa eskailera horiek erabiltzen duena, ez auzotarren aldetik, ezta klubeko kideen aldetik ere. Beraz, denak ezagunak dira eta ia egunero ikusten dute elkar. Klubeko asko bizilagunak dira ere, auzo elkarteko kideek adierazi dutenez, eta ziur daude denak ez datozela bat hartutako erabakiarekin.
Lehen ere beste eskailera batzuk zeudela oroitzen dute elkarteko kide batzuek: Klub Nautikoa amaituta, haratago dagoen paretan, «grapa eskailera» batzuk zeuden –paretan jarrita dauden metalezko eskailera bertikalak–, hondartzara jaisteko. Gaur egun, bi geratzen direla ziurtatu dute kideek, guztiz erdoilduta gainera.
Ez hori soilik, kaian bertan ere bainatzeko debekua dago, eta Nautikoko metalezko eskailerak ere itxita daude aurten. Beraz, hainbat dira auzotarrek hondartzara joateko erabili ezin dituzten bideak. Parte Zaharrean Bizikoek argudiatu dute, egon diren –eta egongo diren– bero olatuekin, ez liratekeela bainatzeko bideak itxi behar, gehiago ireki baizik.
Konponbide bila
Horregatik, azken hilabeteotan, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak hainbat elkarretaratze eta jarduera egin ditu, arazoa jakitera emateko. Banksyren jarraitzaile Banskyren lana, kasu. Uztailaren 23an agertu zen obra harrizko eskaileretan, igotzeko biderik ez dagoela irudikatuz. Obrak egun bat iraun zuen, ondoren itsasoak obrak irudikatzen zituen bi emakumeak «ito» egin baitzituen.
Halako ekintzak egiten jarraituko dutela adierazi dute Banskyren lagunek, izan ere, uda da horren inguruan hitz egiteko garaia. Eskailerei erabilera emango litzaiokeen momentua, hain zuzen ere. Gero, neguan «ez delako inor konturatuko» eskailerak kentzen badituzte, datorren uda iritsi arte.
Eskaileren mantentze lanak zailak izatea ulertzekoa dela aipatu du auzo elkarteak, baita itsasoa aldatu dela ere; olatu eta kolpe asko daudela orain eta horrek eskailerak errazago hautsiarazten dituela: «Ekonomikoki ez du konpentsatzen hori konpontzeak».
Haientzat, harrizko eskailerak mantentzea eta beharrezkoak diren lanak egitea aukera hoberena da. Hala ere, paretaren amaieran beste eskailera batzuk jartzea ere ideia ona dela adierazi dute, erdoilduta dauden grapa eskailera horiek dauden lekuan. Hortik hondartzara jaisteko orduak luzatuko lirateke, asko gainera.
Elkarteko kideek adierazi dute haiek nahi dutena hondartzara jaisteko bide hori mantentzea dela, edo behintzat antzeko bat.
Aurretik aipatutako legeak ere hori dio: konponbidea emango duen lanak baldintza berdin, edo antzekoak, eskaini behar ditu.

