Kontxako Banderako sailkatze estropadetan 45 traineru ariko dira lehian
Donostiarrako neskek irailaren 3ko kanporaketa jokatuko dute, eta zazpi onenetako bat izatea dute helburu.
Donostiarraren 'Bantxa' ontzia, Kontxako sailkatze estropadan.Joseba Parron San Sebastian Gaur goizean aurkeztu dute 131. Kontxako Bandera, Donostiako Udaletxean. Sailkatze estropadekin hasiko da lehia, datorren astean, eta orotara, 45 traineruk parte hartuko dute. Irailaren 2an, asteazkenean, gizonezkoen kanporaketa jokatuko da, eta irailaren 3an, ostegunean, emakumezkoena. Erlojuaren kontrako saioak izango dira, eta biak 18:00etan abiatuko dira.
Gizonezkoen sailkatze estropadan, 25 traineru lehiatuko dira. Denbora onena egiten duten zazpi ontziek neurtuko dituzte indarrak Donostiarrarekin. Emakumezkoen kanporaketan, berriz, hogei traineruk parte hartuko dute, eta horietako bat izango da Donostiarrako neskena. Iazko araudi aldaketaren eraginez, Euskotren ligako ontzi donostiar onenak ez du kanporaketa jokatu behar, eta, aurten ere, Donostia Arraun Lagunak-ek lortu du hori —liga bera irabaztearekin batera–. Beraz, Arraunekin batera jokatuko dute bandera zazpi onenek.
Kategoria bakoitzean parte hartuko duten zortzi klubak zehaztu ondoren, traineruak irailaren 6an eta 13an lehiatuko dira. Bi jardunaldietako denboren baturak erabakiko du Kontxako Banderaren irabazlea.
Berdintasuna sarietan
Kontxako Banderak emakumezkoen eta gizonezkoen lehiaketen arteko berdintasunarekiko konpromisoari eusten dio. Bi modalitateek diru kopuru bera dute sarietan, baita kirol aitorpen bera ere.
Irabazleek, dagokien diru sariaz gain, Kontxako Bandera jasoko dute, eta talde irabazleetako arraunlari bakoitzak banderaren miniaturazko erreplika bat jasoko du, estropadan izandako parte hartzearen eta garaipenaren oroigarri gisa.


