Luxuzko etxeek estali zuten hiriko lehen industrietako baten aztarna
Mirakontxa luxuarekin eta jauregiekin lotzen badugu ere, irudi dotore horren azpian, hiriko lehen urrats industrialak ezkutatzen dira. Eremua aristokraziaren oporleku bihurtu aurretik, XIX. mendearen azken lau hamarkadetan La Fe kare fabrikaren kokalekua izan zen.
Ondarretara bidean, badiaren parean zegoen tximiniadun fabrika.PASCUAL MARIN/KUTXA FOTOTEKA Perlako bainu osasuntsuak, hareatzako kasetak, Miramar jauregia… Kontxako hondartza XX. mendeko belle époque-aren ikur bilakatu aurretik, XIX. mendearen bigarren erdian, Mirakontxa inguruaren irudia oso bestelakoa zen. Abuztuaren 21ean, La Fe pasealekuan zegoen Gure Baitha etxea eraitsi izanak —Alfredo Saralegiren bizitoki izandakoa eta babestutako eraikina— gogora ekarri du kalearen izenaren jatorria: La Fe kare fabrika. Gurtza kontuetatik urruti, izenak oinarri ukigarriagoa du; lantegi hura 1859an zabaldu baitzuten inguru horretan.
Hasieran, Jose Maria Beitia y Cia sozietatea jabea bazen ere, geroago Cortazar y Cia enpresaren eskuetan gelditu zen eguneroko kudeaketa. Enpresaren sorrera bete-betean bat dator hiriaren lehen zabalkundearekin. Izan ere, Beitiaren gisako enpresariek bazekiten hiriak Parte Zaharretik harago hazi beharko zuela, eta, ondorioz, eraikuntza materialen beharra izango zutela. Eta hala izan zen, 1863an eraitsi baitzituzten hiriko harresiak. Cortazartarrek, berriz, arrasto sakona utzi zuten prozesu horretan: Antonio Cortazarrek diseinatu zuen Erdiguneko zabaltzearen trazatu laukitua —bere abizenarekin izendatua— eta haren seme Ramonek, aitaren lekukoa hartuta, garaiko eraikin ikonikoetako batzuk altxatu zituen, hala nola Frantzia pasealekukoak edota garai batean Banco Gipuzcoano zegoen etxadia.
Kokaleku aproposa
Lantegia Mirakontxa pasealekuan zegoen, Loretopetik oso gertu, Ondarretarako bidean. Bere jarduera nagusia harria eraldatzea zen; hala, hiriaren hedapenerako ezinbestekoak izan ziren kare hidraulikoa, zementua eta adreiluak ekoizten zituen. Horretarako lehengaiak oso gertu zituen, Mirakontxako itsaslabarretan bertan baitzuen harrobia. Erauzketak, ordea, kalteak ere bazituen, hondakin ugari sortu eta luiziak eragin baitzituen. Horri aurre egiteko, euste hormak eraiki behar izan zituzten —beren zementua baliatuta— jatorrizko itsasertza babesteko, baita eroritako harriak ehunka gurditan kendu ere. Labeak elikatzeko behar zuten lignitoa —ikatz mineral bat—, berriz, Hernaniko La Luz meatzetik ekartzen zuten.

Kokaleku hori, gainera, estrategikoa zen: kaitik eta trenetik hurbil —1864an iritsi zen trena hirira— zegoen, eta horrek ekoizpenaren merkaturatzea erraztu zuen. Gerora, Antiguako eta Ondarreta inguruko lehen gune industrial garrantzitsu honen ondotik iritsiko ziren Brunet anaien beira fabrika, El Leon garagardoak edota La Providenciako Lagarto xaboiak.
Azkenean, ordea, fabrikak ateak itxi zituen. Baina ez eskari faltagatik, auzunearen hedatze burgesarengatik baizik. 1893an Miramar Jauregia eraiki izanak eta Donostia Espainiako errege-erreginen oporleku bihurtzeak aristokrazia erakarri zuen hirira, eta etorrera horrek hiri eredua baldintzatu zuen: turismoa edo industria. Zirt edo zart egin behar zuten, eta hiriko eliteak argi zuen zein zen bidea.
Turismoa, garaile
Turismo burgesaren hazkundeak jasangaitz bihurtu zuen hondartza ondoan fabrika zaratatsu bat mantentzea. Itxierak hiriko lehen industria aztarnetako bat galaraztearekin batera, eraldaketa sakon bati bide eman zion.
Donostiako Udalak bere artxibo digitalean jasoa duen 1896-1906 urteen arteko espediente batean biltzen da fabrika botatzeko eta Mirakontxa 17, 18 eta 19 zenbakietan —labeak eta ondoko lurrak zeuden tokian— hiru txalet eraikitzeko baimena: Villa Parana, Guerra Enea eta Zonino.
Badiara begira eraikitako lorategidun etxe haiek inauguratu bazuten ere Mirakontxaren aro berria, Gure Baitha etxeari gertatu zaion moduan, eraikuntza horiek ere desagertu egin ziren hamarkada batzuk geroago, eta luxuzko apartamentu blokeek hartu zuten haien lekua. Bestelako zementua nagusi zen iraganaren zantzu bakarra seinale diskretu bat da gaur egun; donostiar askorentzat esanahi ezezaguna duen kale bat: La Fe.


