Txomiñeneko jaiak, auzoa are auzoago izan dadin
Berritasun interesgarri batzuekin eta betiko jarduera arrakastatsuenekin, hemen dira Txomiñeneko jaiak. Azken urteotan auzora bizitzera joandako bizilagun berriak auzoan ahalik eta gehien integratzeko baliatu nahi dituzte jaiak jai batzordekoek: auzoa egiteko.
Txomiñeneko jai batzordeko hainbat kide, 'merchandising' postuan. Txomiñeneko jai batzordea Astebete barru, auzoko jaiek hartuko dute Txomiñenea: irailaren 4tik 6ra, auzotarrek ez dute aspertzeko astirik edukiko, jarduera andana antolatu baititu jai batzordeak. Aurten, gainera, hiru kide berri ditu batzordeak, Ana Lopez eta Irati Laburu kideek nabarmendu dutenez; jaiak eta jai batzordea bera gero eta sendoagoak direnaren seinale. Jaien egitarau osoa hemen daukazue.
Hala ere, datozen urteotan gero eta auzotar gazte gehiago jai batzordean sartzea espero dute Lopezek eta Laburuk. Izan ere, azken urteotan etxe berri asko egin dituztenez auzoan, jende gazte asko joan da hara bizitzera —eta gehiago joango da datozen urteotan—, eta, beraz, «haur asko» dituen auzoa da Txomiñenea, jai batzordeko kideek azaldu dutenez: «Espero dugu urte batzuen buruan belaunaldi erreleboa egotea jai batzordean. Gaztetxoak oso inplikatuta daude jaietan dagoeneko, bai parte hartzean eta bai antolaketan laguntzen, beraz, pixkanaka, jai batzordean sartzen hasi beharko dira».
Berritasun batzuekin ere badatoz jaiak, eta berritasun nagusia «esklusiban» azaldu diote IRUTXULOKO HITZAri: Txominvision
Hain zuzen ere, jaiak antolatzeaz gain, auzoa egiteko lanean dabiltza batzordekoak, buru-belarri: «Jaiak eta batzordea gehiago ezagutzera ematen saiatzen ari gara, arratsaldeetan merchandising postua jarriz kalean, jendeak ikus gaitzan. Auzotar berriak auzoan integratu nahi ditugu horrela, auzoa egin nahi dugu». Hala ere, betiko auzotarrak ere ez dituzte ahazten, eta horiei keinu bat egin nahian, Arteleku eraikin zaharra jarri dute jaien harira diseinatu dituzten poltsa berrietan.
Ohikoak eta berritasunak
Aurtengo jaien egitarauari dagokionez, Lopezek eta Laburuk azaldu dute, alde batetik, ohiko jarduera arrakastatsuak mantendu dituztela: txupinazoaren aurreko txokolate jana ostiralean, herri afari eta bazkari jendetsuak eta iaz lehen aldiz antolatutako haurren krosa, besteak beste.
Bestetik, berritasun batzuekin ere badatoz jaiak, Scalextric erraldoi batekin, adibidez: «Auzoko haurrak zein helduak gogoz daude, betiko jolas horietako bat baita!». Hala ere, berritasun nagusia «esklusiban» azaldu diote IRUTXULOKO HITZAri: Txominvision. «Beti gabiltza igande arratsaldean jaiak behar bezala ixteko ganorazko zerbait egin nahian, eta asmoa da Txominvision izatea aurrerantzean itxiera hori. Aurten, larunbatean izango da, proba gisa, eta harrera ona badu, igandera mugituko dugu hurrengo urteetan. Auzoko kuadrilla batzuk igoko dira oholtzara, Eurovision txapelketako abesti ezagun batzuk abestera edo imitatzera. Dibertigarria izango dela eta jaietan errotuko dela uste dugu!».

