Hector Fort gaztearekin indartu du Realak eskuin hegala
Hector Fort eta Pellegrino Matarazzo, Zubietan.Reala Bihar, irailak 1, udako merkatua itxiko da, eta ikusteko dago Realak mugimendu gehiago iragartzen dituen. Larunbatean, Espanyolen kontrako neurketaren ondoren, Hector Fort (Bartzelona, 2006) gaztearen fitxaketa jakinarazi zuten txuri-urdinek. Izan ere, aipaturiko partida ikusten aritu zen harmailan. Klubak egin duen bigarren fitxaketa da, Mamadou Sarr utzita ekarri ostean.
Fortek 2030-2031eko denboraldiaren bukaerara arte sinatu du txuri-urdinekin. 8,5 milioi euro inguru ordaindu dizkiote Bartzelonari, haren eskubideen erdiagatik (%50). Dagoeneko Realaren entrenatzen hasi da, eta baliteke osteguneko neurketako deialdian sartzea Pellegrino Matarazzo entrenatzaileak. Celtaren aurka ariko dira Anoetan, 21:00etan.
2013an iritsi zen Masiara, eta Bartzelonaren harrobiko kategoria guztietan jokatu ondoren, 2023an egin zuen debuta lehen taldearekin, Txapeldunen Ligako neurketa batean, Antwerpen aurka. Kataluniako taldearekin 30 neurketa jokatu zituen.
Pasa den sasoian, Elx taldean aritu zen utzita, eta eskarmentua pilatu zuen lehen mailan. Guztira, hiru gol eta bi asistentzia lortu zituen hamazazpi partidetan. Eskuin zein ezker hegaleko atzelari gisa maila onean aritzeko gai dela dio Realak: “Era berean, nabarmentzekoa da area ingurura iristeko duen gaitasuna. Orain, Donostiara iritsi da taldearekin batera hazten jarraitzeko”.
Beste agur bat
Gazte bat etorri den modu berean, beste bat joan da. Realak iragan ostiralean jakinarazi zuen Jon Karrikaburu aurrelari nafarraren agurra. Klubarekin zuen harremana eten, eta bigarren mailako Burgosekin sinatu du datozen bi denboraldietarako.
Karrikaburu 2014an iritsi zen Zubietara, eta urratsez urrats iritsi zen lehen taldera. Batez ere, txuri-urdinen bigarren taldearekin eman zuen maila ona. Ordea, ez du lekurik egin lehen taldean, eta utzita aritu da Leganes, Alaves, Andorra eta Racingen, baina bertsiorik onena berreskuratu gabe.

