Jon Insausti «elkartasuna kriminalizatzen duen alkatea» dela dio Harrera Sareak
KASen afari solidarioen banaketa debekatu zenetik, Udaltzaingoa kale egoeran dauden pertsonen aurka jazartzen ari dela salatu dute.
Hiritarron Harrera Sarearen agerraldia Ijentea kalean, udaletxearen atarian.Inaxio Esnaola Aranzadi Hiritarron Harrera Sareak agerraldia egin du Donostiako Udaletxearen aurrean, Jon Insausti alkateak uztailaren 27an Kaleko Afari Solidarioak debekatu ostean jasaten ari direna salatzeko. Izan ere, taldeko hainbat boluntario identifikatu dituzte azken asteotan, kale egoeran dauden pertsonei laguntzeagatik. Hori dela eta, Insausti “elkartasuna kriminalizatzen duen alkatea” dela diote.
Udaltzaingoa kalean bizi diren pertsonen aurkako “hainbat kaleratze eta garbiketa ekintza” egiten ari dela salatu du Ainhoa Unanue Harrera Sareko kideak: “Udako hilabeteetan poliziaren jarduerak hauek areagotu egin dira, eta hiriko kaleetan bizi den pertsonen era guztietako jarduerak pairatu behar izan dituzte Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren partetik: lo egiten duten lekuak uzteko mehatxuak, beraien ondasunak haustea eta suntsitzea, kanpin dendak moztea eta puskatzea, euren objektu pertsonalak kentzea eta botatzea”.
Horren aurrean, Insausti alkatea “bere jarrera garbitu nahian” dabilela deitoratu du: “Dugun egoerari aurre egiteko, guztiz urriak diren baliabideak eskaintzen edo eskaintzen saiatzen ari da”. Izan ere, kale egoeran dagoen pertsona batek hiru edo lau hilabete artean itxaron behar du gizarte langile batekin lehen hitzordua lortzeko. Aldiz, beste hiru hilabete behar dituzte erroldatu ahal izateko, eta behin sei hilabeteko errolda baimena lortuta, balorazio elkarrizketa bat eska dezake. Ondoren, beste hilabete bat itxaron behar du ebazpena jasotzeko. “Azkenik, hainbat hilabeteko itxaron zerrenda batean izena ematea lortu eta baliabideren batean sartzen dira, kasurik onenean”, deitoratu du Unanuek.
Laburbilduta, pertsona batek urtebete eta bi urtea artean igaro ditzake kalean bizitzen, “inolako baliabide egonkorrik edo babes eraginkorrik gabe”. Udal aterpetxeak hiru hilabetean behin bost gau baino ez dituela eskaintzen gogoratu du Unanuek: “Ez dago jantoki sozialik. Ez dago dutxa edo garbigailuak erabiltzeko aukera nahikorik. Ez dago arropa banaketarik, ez zaien manta bat ere ematean kalean lo egiten duten pertsonei”.
Horiek horrela, Harrera Sareari ez zaio nahikoa iruditzen Donostia gizarte baliabide gehien jartzen dituen udalerria dela esatea, “elkartasuna kriminalizatzen duen toki bakarra ere badenean”: “Afari solidarioak gisako egitasmoak debekatzen ditu, udalarentzat inolako kostu ekonomikorik ez dutenak, etxegabeei laguntzen dieten boluntarioenganako presio eta mehatxu neurriak hartzen ditu, eta abar”.
Zazpi hildako
2025eko azarotik egun arte, Donostian kale egoeran bizi ziren zazpi pertsona hil direla salatu du Harrera Sareak. “Horietatik bost kalean bizi izateak ekarritako egoeren ondorioz hil dira”, zehaztu du Unanuek. “Guztiz harrituta gaude hirian elkartasunaren kriminalizatzeko joera muturrera iristen ari delako. Ilunabarrean, euren erosketa orgekin ogitartekoak banatzera atzeratzen diren pertsonak jazarri, identifikatu eta mehatxatzeaz gain, jazarpen hau Harrera Sarearen jardueretara ere iritsi da”, gaineratu du.
Hain zuzen ere, Harrera Sareak zortzi urteko ibilbidea egin duela nabarmendu du Unanuek: “Gure jardueren barruan janaria dagoen espazioak partekatzea ohikoa izan da eta da. Hirugarren sektoreko gainontzeko erakundeek egiten duten modu berean. KASen afariak debekatzearekin nahikoa ez balitz, alkateak Udaltzaingoa bidali du kalean bizi diren pertsonekin elikagaiak dauden espazioak partekatzen ditugun jardueretan parte hartzen duten pertsona oro zelatatzera eta mehatxatzera. Zehazki, Udaltzaingoak ‘kolektibo jakin batzuk’ izendatu dituen horiekin janaria partekatzen duten pertsonak jazarri nahi ditu”.
Kezkatuta
Harrera Sarea kezkatuta agertu da azken egunotan ikusi eta bizi ahal izan dituzten hainbat egoerekin. “Esaterako, Tabakalerako liburutegiaren barruan seme-alaba adingabeez lagundutako boluntarioak identifikatu eta zigor mehatxua egin diete, kalean bizi diren gazteekin askaria partekatzeagatik”, azaldu du Unanuek.
“Egoera bortitzak” bizi izan dituztela gehitu du: “Boluntarioak identifikatzea gazte horiei gaztelaniazko klaseak ematea moduko oinarrizko jarduera bat garatzen zuten bitartean. Hainbat boluntario udaltzainek gelditu dituzte eta zigorrekin mehatxatu, jarduera horretan partekatutako espazioen elikagaiak zeudelako”.
Pertsona migratzaileei “etengabe” gizarteratzeko, hizkuntza ikasteko, klaseetara joateko eta prestakuntza ikastaroak egiteko eskatzen zaiela ohartarazi du Harrera Sareak. “Halere, ahalegin hori egiten dutenean eta pertsona boluntarioek antolaturiko espazioetan hizkuntza ikasi nahi dutenean, eskatzen zaien gizarteratze prozesu hori bera zailtzen duten jazarpen, oztopo eta eragozpen egoerekin top egiten dute”, deitoratu du Unanuek.
Horiek horrela, mezu bat zuzendu diote alkateari eta gizarteari: “Ezin dugu normalizatu elkartasuna zelatatzea, jazarria izatea eta zigor mehatxupean egotea. Are gutxiago, kalean bizi diren pertsonei zuzenduta dagoenean, migratzaileak izan edo ez”.

