1813ko gordin eta samina oroitu dute
1813ko gertakariak eta sarraskia oroitu zituzten, urtero lez, abuztuaren 31rekin. Hiriak berriro gogoratu ditu tropa angloportugaldarren erasoa, gazteluaren hartzea eta hiriaren erreketa sinbolikoa.
Abuztuaren 31ko gertaeren antzezlana.Aratz Garcia 1813ko gertakariak eta sarraskia oroitu zituzten, urtero lez, abuztuaren 31rekin. Duela 213 urte, Donostiak bere historiako sarraskirik latzena jasan zuen; Gerra Napoleondarren garaian, tropa aliatu angloportugaldarrak harresian irekitako arrakala batetik sartu ziren hirira, eta aurrean topatutako guztia suntsitu zuten. Hiri osoa suak kiskali zuen; kale bakar batek baino ez zion eutsi hondamendiari: orduko Trinitate kaleak, gerora gertakari haiek oroituz Abuztuaren 31 izenez bataiatuak.
Urtero legez, hiriak gogoz ekin dio abuztuko azken egunean gertatutakoak orotzeari. Goizean goizetik, San Bizente elizak meza hartu du orduko biktima guztiak omentzeko, eta jarraian lore-eskaintza egin dute Portaletan. Arratsaldeko bostetan ekin diote 1813ko setioaren antzezpen historikoari. Gero, Kursaalaren eta Begiratokiko Bateriaren arteko kanoi hotsen ostean, tropa aliatuek desfilea egin dute Zuloaga plazaraino, eta, bertan, ehunka donostiar eta bisitari elkartu dira ekitaldiaz gozatzeko.
Jarraian, Danborrada batu zaie tropei Zuloaga plazatik Bulebarrerako bidean. Han, minutu bateko isilunea gorde dute biktimen omenez. Ondoren etorri dira oihuak, korrikaldiak eta tiro hotsak: hiriak berriro gogoratu ditu tropa angloportugaldarren erasoa, borrokak, gazteluaren hartzea eta hiriaren erreketa sinbolikoa.
Isil eta ilun
Une hunkigarriena iluntzean bizi izan da, Abuztuaren 31 kaleko argiak itzali eta balkoi zein leihoetako kandelek bakarrik argiztatu dutenean ingurua. San Bizenteko atarian, Easo Abesbatzak, Udal Txistulari Bandak eta Aiert Beobide dantzariak Donostiako Antzinako Ereserkia eskaini dute. Kanoietan, Santa Zezilia Abesbatzak Aldapeko eta Sorgin Dantza abestu ditu; eta Trinitate plazan, berriz, Gaztelupe otxoteak Ilunabarra eta Bitxintxo interpretatu ditu.
Ibilbidea bukatzeko, Santa Maria basilikan, hiru taldeek kontzertua eskaini dute elkarrekin, Gure Donosti, Gabiltzan kalez kale eta Haurra lotaratzeko doinua kantuak taularatuz. Ekitaldian zehar, Irati Bordak garai hartako gordin eta samina jasotzen duten bi testu errezitatu ditu (Arrats Izugarria eta Entraban en las casas).
Hona hemen Aratz Garcia argazkilariaren irudiak:

