Astelehenenean abiatuko dute Donostia Kulturako ikastaroen izen ematea
Askotariko eskaintza zabala osatu du Donostia KulturaDonostia Kultura Irailarekin batera dator ikasturte berria. Donostia Kulturak antolatutako ikastaroak urrian hasiko badira ere, haietan izena emateko epeari astelehenean ekingo diote. Azken urteetan egin moduan, matrikulazioa bi fasetan gauzatuko dute: euskarazkoena lehenik eta gaztelaniazkoena ondoren. Hala, euskarazko taldeak osatzea sustatu nahi dute, taldeak osatzea erraztuz, eta, bestalde, eskari handia duten gaztelaniazko taldeetan pertsona berrientzako lekuak libratzea.
Hortaz, euskarazko ikastaroen izen emateari astelehenean, hilak 7, ekingo diote, 16:00etan, eta astebetez zabalik egongo da, hilaren 13a arte. Gaztelaniazkoen epea, berriz, hilaren 16tik 27ra luzatuko da. Euskarazko talderik osatzen ez bada, izena eman dutenei jakinaraziko diote, gaztelerazkoetan izena emateko aukera izan dezaten. Bigarren lauhilekoko ikastaroen kasuan izan ezik, horiena urtarrilaren 31n amaituko da.
Aurten ere, euskarazko zenbait ikastarotan Belarriprest eredua errepikatuko dute. Ikastaro horietan, gutxi jakin arren, ikasleak euskaraz mintzatzera gonbidatzen dira, betiere, elkarlanerako giroan. Ikasleek eta irakasleek konpromisoa hartuko dute eskaraz hitz egiteko eta elkarri laguntzeko.
Ikasturte berrirako askotariko 623 ikastaro prestatu dituzte, 591 helduentzat eta 32 haur eta gazteentzat. Iaz 5.921 ikasle izan ziren guztira, aurreko urtean baino 500 inguru gehiago. Eskaintzari buruzko informazioa Donostia Kulturaren webgunean kontsulta daiteke edo gaurtik aurrera kultur etxeetan eskuragarri dagoen eskuorrian.

