Illarrako etxebizitza babestuen kopurua handitzea onartu du udal gobernuak
Eremuari dagokion hiri antolamendurako plan orokorra aldatuko dute, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bi aldiz hala eskatu ostean.
Illarrako etxebizitza berrien simulazioa.Donostiako Udala Donostiako Udalak gaur onartu du Illarra (Ibaeta), Villa Ereski (Munto), deposituak (Munto) eta Erregenea (Igeldo) eremuen hiri antolamendurako plan orokorra aldatzea. Gogoratu behar da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bigarrenez ebatzi zuela otsailean, udalak eremu horiei dagokien HAPOa moldatu behar zuela. Besteak beste, babesturiko etxebizitza kopurua %40tik %75era igotzea eskatu zuen.
Jon Insausti alkateak adierazi duenez, udalak 2022an eremu horietarako onartu zuen HAPOaren aldaketa egokitu du “etxebizitzen eraikuntza bizkortzeko”. Izan ere, 2024an partzialki baliogabetu zuen eremu horietako HAPOaren aldaketa.
Horrela, Illarran eraikitzea aurreikusten den etxebizitza babestuen kopurua %75ekoa izango da, eta Villa Ereskin %40koa. Ondorioz, Illarran 167 etxebizitza publiko eraikiko dituzte, 60 tasatuak eta 57 libreak. Villa Ereskin, berriz, aurreikusitako 52 etxebizitzetatik 21 babestuak izango dira.
Otsailean epaitegien ebazpena jaso ostean, Insausti kritiko agertu zen. Ordea, epaia betetzeko erabakia hartu du: “Ez genuen Illarrako etxebizitzen proiektua atzeratu nahi, donostiarren beharrak erantzun zehatz eta azkarrak behar dituelako. Epaitegiek HAPOa aldatzea eskatu dute, eta minutu bat ere galdu gabe aldatzeko izapideak martxan jarri ditugu. Gainera, garrantzitsua da esatea epaiak zuzenean eragiten ez dien etxebizitzen proiektuak aurrera jarraitzen duela. Beraz, 38 etxebizitza libreren eraikuntzak aurrera jarraitzen du”, azaldu du alkateak.

