Pelikula zaharrak ezagutzeko (edo berriro gozatzeko) «oturuntza» aurkeztu dute Zinemaldian
Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak “elkarrekin egingo duten azken prentsaurrekoan” Zinemaldiko Klasikoak atala aurkeztu dute. Atzera begira jartzea da atal honen xedea, askorentzat berriro gozatzeko, baina beste askorentzat, lan berriak deskubritzeko parada ematen duen atala: “Beti dago eta lehenengo aldi bat”.
Gaur aurreratu dutenez, bederatzi filmek osatuko dute atala, askotariko pelikulekin. Klasikoak sailaren inaugurazioak Jaime Chavarriren (Madril, 1943) El desencanto (1976) filmaren “erreparaziorako ekintza” gisa balioko du. Film hori ez zen Zinemaldiaren 24. edizioan lehiatu, filmaren arduradunek programaziotik atera zutelako, Guardia Zibilak Josu Zabala manifestaria erail zuela salatzeko. Irailaren 27ra arte, horrekin lotuta, filmari buruzko erakusketa bat egongo da ikusgai Tabakaleran, eta erakusketa horretan agerian geratuko filma programaziotik ateratzeko ekintza hori zein lagungarria izan zen “Zinemaldia demokratizatzeko”.
Eskaintza zabala
High Art (1998), aldizkari-enpresa txiki bateko neska bekadun bat eta emakume argazkilari drogazale baten amodioa kontatzen diguna, Lisa Cholodenko (Los Angeles, 1964) zinemagileak idatzi eta zuzendutako lehen film luzea izan zen; geroago Laurel Canyon (2002), Cavedweller (2004) eta The Kids Are Alright (2010) pelikulak zuzendu zituen.
Sailak, gainera, Ana Díezen (Tutera, Nafarroa, 1957) Ander eta Yul (1988) filmaren emanaldia ere jasoko du, aurrez iragarri zen bezala. Euskadiko Filmategiak eta EITBk zaharberritutako bertsio bat izango da oraingoan; euskal zinematografiako obra nabarmengarria —4K formatuan emango dena—, horrenbestez, Zinemaldian izango dugu berriro 38 urte geroago (Zabaltegi-New Directorsen estreinatu zen orduan, eta zuzendari berri onenaren Goya saria jaso zuen).
One flew over the cuckoo’s nest filmean (1975), Miloš Formanek (Txekoslovakia, 1932 – AEB, 2018) osasun etxe batera bidalia izateko eromena alegatzen duen delitugile baten istorioa kontatzen digu. Filmak bost Oscar sari lortu zituen, hala nola film, zuzendari eta gizonezko aktore onenenak (Jack Nicholson aktorearentzat), emakumezko aktore onenarenaz gain (Louise Fletcher). Bere lehen filmak jaiotzazko Txekoslovakian zuzendu ondoren, 1968an AEBn erbesteratu zen Forman, eta han zuzendu zituen Amadeus (1984), The People vs. Larry Flynt (1996) eta Man on the Moon (1999), besteak beste. Espainian Goya’s Ghosts (2006) filmatu zuen, Javier Bardem egonik aktore zerrendan.
Irakasle batek, idazle batek eta orkestra zuzendari batek koktel batean kointzidituko dute Pere Portabellaren (Figueres, 1927) Pont de Varsòvia / Warsaw Bridgefilmean (1989); egilea Cannesko azken Quinzaine des cinéastes atalean azkenekoz izan zen lan horrekin, Nocturn 29 (1968), Vàmpir-Cuadecuc (1970) eta Umbracle (1972) filmen ondoren.
Parade (1974) Jacques Tatiren (Frantzia, 1907 – Frantzia, 1982) azken film luzea izan zen, eta Cannesen lehiaz kanpo estreinatu eta 42 urtera ikusi ahalko dugu oraingoan Zinemaldian. Bere azken lan honetan, Jour de fête (1949), Les Vacances de Monsieur Hulot (1953) eta Mon oncle (1958) klasikoen zuzendariak music-hallari heldu zion berriz Suediako telebistarako lan honetan (Stockholmen dago girotuta pelikula), ospea eman zioten mimo-ikuskizunak berreskuratuz hala.
Chicho o mientras el cuerpo aguante (una comedia didáctica) Chicho Sanchez Ferlosio kantautore eta filosofoaren bizitzari buruzko ez-fikziozko film luzea dugu, bere erresistentzia abestien bitartez; 1982an Sail Ofizialean izan zen. Fernando Truebaren (Madril, 1955) bigarren film luzea da. Nazioarteko film onenaren Oscar saria irabazi zuen Truebak Belle époque (1993) filmagatik, eta aurten beste film musikal bat aurkeztuko digu, gainera, Donostian: Bajañí, Sail Ofizialeko Emanaldi Berezi gisa lehiaz kanpo programatua.
Zinemaldiak, bestalde, Niewinni czarodzieje / Innocent Sorcerers (1960) erakutsiko die ikus-entzuleei berriz. Gerraostearen garaiko Poloniako hiriguneetako gazteen deskribapen intimo hau 1961ean Donostiako Zinema Eskolen II. Nazioarteko Jardunaldietan parte hartu zuten filmetako bat izan zen. Andzrej Wajda zinemagile poloniarra (Suwałki, 1926 – Varsovia, 2016) Sail Ofizialean lehiatu zen Wesele filmarekin (1973, zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra), baita Dyrygentekin (FIPRESCI Saria, 1980) eta Człowiek z żelazarekin ere (1981, Urrezko Palma Cannesen eta Oscar sarietarako izendatua).
Klasikoak sailean ikus ahalko da, baita ere, Sans toit ni loi / Vagabond (1985), Urrezko Lehoiaren eta FIPRESCI Sariaren irabazlea Venezian, Agnès Varda (Ixelles, Belgika, 1928 – Paris, 2019) nouvelle vagueko aitzindariak zuzendua. Frantzia Hegoaldeko zanga batean izoztuta agertutako neska gazte arlote baten azken asteak kontatzen dizkigu filmak.
Atzerabegirakoa, Jose Giovanni
Zinemaldian, gainera, ohiko omenaldia egingo dute Atzerabegirakoa sailean. Aurten, Jose Giovanni zinemagile eta nobelagile frantsesari eskainiko diotela iragarri zuten apirilean. Nobelagile, egokitzaile eta gidoilari izateaz gain, hamabost film luze, telebistarako bi pelikula eta hiru telesail atal zuzendu zituen.
Joseph Antoine Roger Damiani ‘Jose Giovanni’ (1923-2004), Parisen jaio zen jatorri korsikarra zuen familia aberats batean. Bereak dira polizia eleberriko orrialderik bikainetako batzuk, baita Frantziako polar polizia zinemako orrialde asko ere. Bizitza korapilatsu eta zaila izan zuen, ilungunez betea. Handik atera zituen bere eleberrien argumentuetarako elementu ugari.
Gaur, gainera, Filmategiak ikasturtean egin ohi duen Klasikoaken aurrerapen bat egin dute. Casablanca mitikoa izango da aurkeztuko duten lehenengo filma. Joxean Fernandezek argitu duenez, “ebidentea” irudi dezakeen arren film hau proiektatzeak, Filmategiaren historian behin ere ez dela eskaini nabarmendu du. Eta badela garaia.

