San Bartolomeko muinoa parke bihurtzeko urratsa egin du udalak
San Bartolome muinoa, Easo kaletik ikusita.Mikel Elkoroberezibar Beloki Donostiako Udalak hasierako onarpena eman dio San Bartolomeko plan orokorraren aldaketari. Horrela, bertan behera utziko dute muinoaren iparraldeko magalean aurreikusitako merkataritza zentroa eta aparkalekuaren proiektua. Horren ordez, lehendik dagoen berdegunea handitu eta lehengoratuko dute, parke bihurtzeko. Horretarako, udalak bi urteko prozesua aurreikusi du.
Jon Insausti alkateak nabarmendu du “hasieratik” adierazi zuen “borondatea” beteko dela: “San Bartolomen ez jartzea merkataritza gunerik eta aparkalekurik”. Hori lortzeko, “zuhurtziarekin” lan egin duela esan du, “pauso bakoitza sendoa izateko”. Hamarkada askoren ostean, Donostian San Bartolomeko “karpeta” itxiko duela gaineratu du alkatea.
Bestalde, esan du udalbatza osatzen duten udal talde guztien nahia dela San Barolomeko muinoan parke bat jartzea, “txukunduta”.

