Iñaki Kijera omendu dute, bere erailketaren 47. urteurrenean
Iñaki Kijera gazteari omenaldia, atzo, Antiguan.Joseba Parron San Sebastian 47 urte bete ziren atzo, irailaren 1ean, Poliziak Iñaki Kijera gazte donostiarra tiroz hil zuenetik (1961-1979). Urteurrenaren bueltan, urteroko legez, omenaldia egin zioten Antigua auzoan, Miramar jauregiaren inguruko lorategian Kijerak duen monolitoan. Ekitaldi xumea izan zen, ohiko legez, eta lore eskaintza egin zuten haren omenez, besteak beste.
Nabarmendu behar da aurten Kijera Espainiako Estatuaren biktima gisa aitortu duela ofizialki Espainiako Gobernuak, Tomas Alba, Gladys del Estal eta Maria Jose Bravo del Valle donostiarrekin eta beste hainbat herritarrekin batera. Horrela, lehen aldiz, estatuaren biktima gisa aitorpen ofiziala jasota egin dute herri omenaldia.
Manifestazio batean eraila
Antiguatarra zen Kijera eta Espainiako Poliziak 1979ko irailaren 1ean hil zuen, tiroz. Preso politikoen aldeko manifestazio batean parte hartzen ari zen, beste ehunka herritarrekin batera. Liskarrak hasi ziren eta polizia batek oso distantzia gutxira tiro egin zion.
Hamabost minutu inguru igaro zituen Kijerak lurrean botata, eta Poliziak harengana hurbiltzen saiatzen zen pertsona orori kolpeka eta pilotakadaz eragotzi zien gerturatzea, baita Gurutze Gorriari ere. Azkenean, lagunek Kijera auto batean sartu eta anbulantzia bateraino eramatea lortu zuten, baina ospitalera iritsi ondoren hil zen.
Jarraian, atzoko omenaldiko irudi bilduma, Joseba Parron San Sebastian argazkilariaren eskutik:

