Joselontxos txarangak 'Joselontxo' omendu du: Joxan Malvido musikari eta pailazoa
Joselontxos txarangako kideak, Joxan Malvidorekin. Joselontxos Txaranga Joselontxos txarangak, abuztuaren 31ko desfileko danborradekin batera, Joxan Malvido musika irakasleari omenaldia egin dio, haren jubilazioa ospatzeko. Pertsona garrantzitsua izan da Malvido txarangaren ibilbidean, izan ere, sortzaileetako asko, haren ikasleak izan ziren, eta lehenengo pausuak ematen lagundu zien.
Eta horixe bera da txarangaren izenaren jatorria. Malvido, musikaria izateaz gain, Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoetako kidea baita, eta bere pailazo izena izan zen txarangaren hasierako omenaldia. Txarangako kideek musika maitatzen eta musikaz gozatzen irakatsi izana eskertu diote, mezu hunkigarri batekin: “Zure izena bizkarrean eramango dugu beti”.
Malvido, musikari eta pailazo
Donostiako Udal Musika Eskolako irakaslea izan da Malvido joan den ikasturtera arte. Erdi mailako musika ikasketak egin zituen Donostiako Goi Mailako Musika Kontseiluan eta 1994. urtean, Tubako goi mailako titulua lortu zuen Bartzelonako Lizeoko Goi Mailako Kontserbatorioan.
1992an, aktiboki parte hartu zuen Musika hezkuntza etorkizuneko gizartean Espainiako sinposio nazionalean. Musika ikasketekin batera, hainbat musika talderekin kolaboratu zuen: Pasaiako Banda, Errenteriako Banda, Hondarribiko Banda, Irun Hiriko Banda, Bartzelonako Banda Sinfonikoa, Euskadiko Orkestra, baita Ganbera eta Kontzertu Pedagogikoetako hainbat taldetan ere. Donostiako Udal Banda Sinfonikoko kidea izan da gaur arte.
Bestetik, 1995ean, Tutik Clowns pailazo taldean sartu zen eta bertan gorpuztu, hain zuzen, Joselontxo pailazoa, Gari eta Montxo kideekin, gaur egunera arte aktibo dagoena.

