Reala txapeldunen mailan aritu beharko da
Txuri-urdinek Chelsearen aurka jokatuko dute gaur Txapeldunen Ligako atarikoaren itzulerakoa, Zubietan (19:00).
Cecilia Marcos donostiarra Chelseari egindako gola ospatzen, joaneko partidan.Reala Ezinezkoari aurre egitea dagokio Realari, balentriarako eta mirarietarako aukerarik baden arren. Txapeldunen Ligako atarikoaren itzulerakoa jokatuko du gaur Realak Chelsearen aurka, Zubietan (19:00). Desabantaila nabarmenarekin aurre egin beharko diote txuri-urdinek norgehiagokarekin. Izan ere, 5 eta 2 galdu zuten joanekoan, Stamford Brigde zelaian.
Gorka Alvarez entrenatzaile berriaren estreinakoa izango da, klubak haren kontratazioa atzo iragarri ostean. Emakumezkoen futbolari estuki lotutako ibilbide luzea duen Lasarte-Oriako teknikaria Zubietara itzuli da, taldearen gidaritza hartzeko. Denboraldia bukatu bitarte sinatu du. Dena dela, Alvarez laguntzaile gisa ariko da gaurko neurketan, Fernando Torres behin-behineko entrenatzaileak gidatuko duelako taldea.
Reala ondo ezagutzen du Alvarezek, 2017-2018ko denboraldian emakumezkoen lehen taldearen bigarren entrenatzaile gisa aritu zelako. Gainera, sasoi hartan, taldearen ardura hartu zuen hiru jardunalditan, eta ez zuen partidarik galdu. Ondoren, Zubietan jarraitu zuen bere ibilbidea, teknifikazio arloan eta hirugarren zein bigarren taldeetako aulkietan.
Hiru denboraldiz zuzendu zuen bigarren taldea, eta lehenengoan Bigarren Federaziora igotzea lortu zuen. Zubietan egin zuen azken denboraldian, berriz, laugarren postuan amaitu zuen taldeak. Joan den denboraldian, lehen mailan aritu zen Eibarren bigarren entrenatzaile moduan. Orain, berriz, Realaren lehen taldearen ardura hartuta, erronka polita izango du aurretik.

