Zinemaldiak omenaldia egin dio Josu Zabalaren sendiari, 'El desencanto' filmaren proiekzio eta erakusketarekin
Zinemaldiko arduradunak Jaime Chavarri eta Enrique Villa-Matasekin. Gari Garaialde / Zinemaldia Duela 50 urte, 1976ko irailaren 8an, Guardia Zibilak Josu Zabala hil zuen tiroz, Hondarribian. Franco hilda zegoen arren, frankismoa bizirik zen oraindik, eta Euskal Herriaren kontrako errepresioa are biziago, eta zinemagile eta kazetari askok zinema jaialdiaren normaltasun faltsu hura salatu zuten. Horietako bi izan ziren Elias Kerejeta ekoizlea eta Jaime Chavarri zinemagilea. El desencanto filma kendu zuten protesta gisa, Zinemaldiaren zuzendaritzaren haserrea ekarriz.
“Zor” horrekiko “ardura” eta “erantzukizuna” azaldu dute Zinemaldiko ordezkariek, eta “erreparazio” moduan eskainiko dute aurten filma, erakusketa txiki batekin batera. Aurkezpenean Zabalaren sendia izan da, eta haiekiko begirunea eskaini du ofizialki Zinemaldiak. Erakusketa txikia bada ere, zinemaldiaren jatorrizko dokumentazioarekin eta artxibo historikoko material argitaragabeekin sortua dago, “modu kritikoz” errepasatuz gertakariak.
Arnegu jarrera
“Arnegu-jarrera”. Donostia Zinemaldiaren norabidea aldatu zuen keinua (1976) izenez, erakusketa gaurtik aurrera eta irailaren 27ra arte egongo da ikusgai Tabakaleraren lehen solairuan, eskailera nagusiaren ondoan. Inaugurazioan Maialen Beloki —Zinemaldiaren zuzendariordea— eta Irati Crespo —Artxiboaren arduraduna— izan dira, baita Jaime Chavarri zinemagilea eta Enrique Vila-Matas idazlea ere (1976ko Zinemaldia jarraitu zuen kazetaria).
“Euskal herritarrok pairatzen ari garen errepresio bortitzaren aurkako protesta gisa, eta modu tragiko eta beldurgarrian publikoki ezagututako azken jazokizunetan ere errepresio hori berriz hezurmamitu dela kontuan izanik, El desencanto filma sortzen parte hartu dugunok aho batez erabaki dugu filma Donostia Zinemaldiaren XXIV. ediziotik ateratzea”. Horiexek izan ziren Elias Kerejeta ekoizleak, Jaime Chavarri zuzendariak eta film luzearen aktore ugarik —baita Felicidad Blancek eta Panero anaiek ere— lehenik eta behin irailaren 13an Miguel de Echarriri —Zinemaldiaren zuzendariari— eta gero prentsari igorritako gutunaren hitzetako batzuk.
Jatorrizko eskutitz hura beste hainbat materialekin batera agertzen da erakusketan, hala nola, 24. edizioko jatorrizko kartela, edizio haietako argazkiak eta telegrama ugari; telegrama horietan jasota geratu zen bezala, industria-alorreko eta beste ekoizpen batzuetako ordezkariek El desencanto lantaldearekiko elkartasuna adierazi zuten, kexatzeaz gain Zinemaldiak ez zielako uzten euren filmak ere ateratzen. Zinemaldia “administrazioaren zerbitzurako errepresio-instrumentu bihurtutako jaialdia” zela kritikatzen zuten. Horixe adierazten zuten dokumentu batean hainbat pertsona famatuk (Jose Sacristan, Geraldine Chaplin, Carlos Saura, Pedro Olea, Emilio Martin Lzaro, Eloy de la Iglesia, eta abar). “Jaialdi demokratiko bat” eskatzen zuten.
Era berean, industria alorreko hainbat pertsonak eta informatzailek Zinemaldiko zuzendaritzara bidalitako gutunak ere jasotzen ditu erakusketak. Gutun horietan jasota dagoenez, Zinemaldia uztea erabaki zuten, solidaritate-adierazpenetatik eta “ordena publikoko indarrek sistematikoki gauzatutako errepresio bortitzetik kanpo borondatez” agertu izana aurpegiratuta zuzendariari. Gutunaren sinatzaileetako zenbaitzuk Maruja Torres, Angel S. Harguindey, Diego Galan, Antonio Gimenez-Rico, Elisenda Nadal eta Pilar Miro dira.

