Morlanseko lau ordu eta erdiko tiroketa baten historia, liburu batean
Xabier Mendiguren, 'Morlans' lilburua aurkezten. Xalba Ramirez Xabier Mendiguren idazle oparoak memoria eta historia egiteko ardura hartua du bere gain, azkeneko eleberriekin. Gaur aurkeztu duen azken lana horren erakusle: 1991ko abuztuaren 17an Morlansen izandako sarraskia ardatz duen eleberria. Ez-fikziozko lana den arren, “literatura” dela aldarrikatu du autoreak, ez baita ez kazetaritza, ez historia, ez kronika liburua ere.
Lana osatzeko, garai hartan protagonista izan ziren kide askorekin hitz egin du Mendigurenek, argazkia ahalik eta hoberen osatze aldera. Istorioaren benetako protagonistak, ordea, hilik suertatu zirenak dira. Izan ere, Aste Nagusiko egun ilun hartan, Guardia Zibilak Morlanseko Tolaretxe etxea inguratu eta lau ordu t’erdi iraun zuen tiroketan hil zituen Patxi Itziar, Iñaki Ormaetxea eta Jokin Leunda ETAko kideak.
Gertaera gogor haietan aldarrikatzekotan, bada bat, bizirik atera zen lekuko bakarrak nabarmendutakoa: “Bizirik atera zitezkeen hiruak, baina ez zieten utzi”. Honela, bada, ofizialki hala onartuta ez dagoen arren, “hilketa estrajudizial” gisa berrirakurtzeko materiala eskaini digu Mendigurenek. Hori bai, berak gertatutakoa erakusten du; “juzgu etikoak” norberak egin beharra nabarmendu du.
Hitz egiteko “beldurra”
Memoria egin ezina izan da lan honen ingurumarian izan duen mamu (edo motora) Mendigurenek. Izan ere, hildako hauen inguruan omenaldirik egin ezina salatu du, baita gaiaz libreki hitz egin ahal izatea, epaitegietatik pasatzeko beldurrik izan gabe. Halaxe ondu du eleberria, gogoeta honekin: “Biziak ezin badira izan, hildakoak izango dira protagonistak”.
Eleberrian ez dago “deskubrimendu handirik”, egilearen hitzetan, baina hala ere ekarpena egiten duelakoan dago, hildakoen biografia eta garaia jasoaz. Izan ere, herren dagoen errelatoan hondar aleka bada ere, ari da bestelako heldulekurik sortzen. Mendigurenen azken bi lanek Oso latza izan da (Elkar, 2023) eta Borrero txiki bat (Elkar, 2025) marrazten dute beste norabiderik.

