«Bigarren mailako donostiar sentitzen gara»
Goiatz Txiki, Okendotegi eta Basozabalgo bizilagunak haserre daude zaborren kudeaketaren harira. Batetik, edukiontzirik izan gabe, iaz tasa kobratzen hasi zitzaizkielako, eta bestetik, zaborrontziak jarri zituztenetik, inork jasotzen ez dituen hondakinez bete delako eremua.
Jose Luis Aduriz eta Olatz Telletxea bizilagunak, Basozabalgo golf zelaira bidean dagoen zabor bilketa gunean.Maitane Aldanondo Zer kontatuko dizugu? Ikusi besterik ez duzu», erantzun dio Jose Luis Adurizek kazetariari. Basozabalgo golf zelaiaren bidean dagoen bidegurutze bateko edukiontzien inguruan elkartu dira, arazoaren berri bertatik bertara izateko. Horia, urdina eta beltza, bana daude, eta haien bueltan obra hondakinak —hara bidean, errepideko beste txoko batean ere mordoxka bat bada—, plastikozko aulki pila, motor olioa, kristal zati ugari… Ostegun goiza da, eta lau egun geroago jasotako argazkian auto baten motorra gehitu zaie zerrendatutakoei. Irudi argia da, baina beren kexa harago doanez, lehen erantzun horren ondotik, azalpen luze eta dokumentatua eman dute Adurizek berak, Olatz Telletxeak eta Maria Eguskizak.
Goiatz Txiki, Okendotegi eta Basozabal eremuan 25 bat familia bizi dira. 2019ra arte, egungo kokapenetik 150 bat metrora edo, lurrean sartutako errefus biltegi bat zuten. Astigarragan eta Hernanin atez atekoa ezarri zutenetik, «beti gainezka» zegoela dio Adurizek. Behemendik kudeatzen zuen zerbitzua eta haren kexen ondorioz, azkenean, udalak kendu egin zuen. Hurrengo urteetan, beraiek izan dute zaborrak kudeatzeko ardura eta gastua: autoan sartu, eta gertuen duten edukiontzietara eraman, Miramon Teknologia Parkera edo Ergobiara (Astigarraga), biak bi bat kilometrora.
Zeregina onartu zuten; izan ere, etxebizitzak edukiontzietatik 500 metro baino urrunago zeudenez, ez zuten zabor tasarik ordaintzen. Hori, ordea, iaz aldatu zen. Europako Batasunaren araudia tarteko, tasa ordaintzen hasi beharko zutela jakinarazi zien udalak, iazko urtarrilean. Erakutsitako idatziak «hurrengo urtetik aurrera» kobratuko zaiela zehazten du —gutuna 2025eko urtarrilaren 21ekoa da—, baina iaz kuotak kobratu zizkieten, zenbaiti 500-600 euro, edukiontzirik izan gabe.
Arazo bikoitza
Egoera hori izanik, hondakinei lotutako bi arazo dituzte: batetik, tasaren ordainketa; bestetik, aste luzez pilatzen den hondakinen kudeaketa eza. Hori dela eta, antolatu egin dira beren ezinegona gizarteratzeko eta agintariei konponbide bat eskatzeko.

Ordainketei dagokionez, bizilagun guztiek izenpetutako bi kexa gutun bidali dizkiote udalari, iazko maiatzean eta urrian, eta erantzunik jaso ez zutenez, azaroan Arartekora jo zuten. Erakunde horren esku hartzeari esker, udalak otsailean erantzun zuen; baina Arartekoari, ez bizilagunei. Tasaren ordainketa «akats administratibo» bat izan zela onartu zuen udalak, baina ez die kaltetuei dirurik itzuli, eta Arartekoak tasa ez kobratzeko iradoki arren, bide beretik jarraitu du.
Bilketari dagokionez, aldiz, aurtengo apirilean jarri zituzten edukiontziak, betiere kontrolik gabeko zabortegi ez bihurtzeko baldintzarekin. «Bidegabetzat» jo dute bizilagunek, eurek ezin baitute gainerakoen jarduna kontrolatu. Gainera, aurrez izandako arazoak saihesteko, bigarren gutunean udal agintariei eskatu zieten beste landa eremu batzuetan edo golfak berak duen moduko itxitura batean jar zitzatela, txartel edo giltza bidezko sistema edo zaintza kamerez hornitua.
Erantzunik gabe
Irtenbidea topatu bitartean, puntu beltz bihurtu da gunea. Edukiontzietatik kanpo dagoena nork jaso behar duen ez dakite kaltetuek. Eguskizak abuztu hasieran San Marko Mankomunitateari luzatu zion galdera, argazki batzuekin batera; eta erantzukizunari buruzko argibiderik eman ez bazioten ere, biharamunean «erdia» jaso zuten. Ordutik, beste zenbait mezu bidali ditu, eta guztien harrera baieztatzeaz gain, udalari birbidali diotela adierazi dio erakundeko langileak.
Borrokan jarraitzeko gogoa dute; egoera berean edo antzekoan dauden beste donostiar batzuekin batu, eta elkarrekin indarra egitekoa
«Asumitua» dute hirigunetik aldenduta egoteak desabantailak dituela; baina zaborren kontuari dagokionez, «bigarren mailako donostiar» sentitzen dira. Gainerakoen moduan ordaintzen dutenez, zerbitzu duina jaso besterik ez dute nahi. «Ez dugu ezer berezirik eskatzen gainerako auzoen aldean, edozein herritarrek daukan zerbitzu bera jasotzea baizik», laburbildu du Telletxeak. Intxaurrondon, Parte Zaharrean edo Erdialdean ikusi izan dituzte edukiontzien kanpoan hondakinak, baita garbitzen dutela ere. «Han ez da pilatzen. Jasotzen dute. Hemen, ez», zehaztu du Eguskizak, eta Telletxeak, etsipenik gabe, erantzun dio: «Hori dauka hemen bizitzeak; inor ez dagoenez, inori ez zaio inporta».
Batzuk «nekatuta» badaude ere, borrokan jarraitzeko gogoa dute; egoera berean edo antzekoan dauden beste donostiar batzuekin batu, eta elkarrekin indarra egitekoa.
Udalaren azalpena
Bizilagunen kexa entzun eta dokumentazioa aztertu ondoren, Irutxuloko Hitzak Hiri Mantentze eta Zerbitzu zinegotzi Iñigo Garcia Villanuevari zenbait galdera helarazi dizkio. Sailak 2025. urterako aldaketa bat egitea erabaki zuela adierazi du zinegotziak, eta aurreikusitako salbuespena kentzea: «Orduz geroztik, Donostiako etxebizitza guztiek ordaintzen dute zabor tasa». Edukiontziak apirilean jarri bazituzten ere, zerbitzua lehenago ere bazutela argudiatu du: «Izan ere, azkenean, sortzen ari ziren zaborrak nonbait botako zituzten, eta beti tratatu behar izan da zabor hori». Falta den beira edukiontzia mankomunitatearen ardura dela gaineratu du, eta golfeko itxiturari buruz, pribatua dela eta udalak ez duela «itxiturarik jartzen hiriko ezein tokitan», zehaztu du. Obra hondakinen bilketari dagokionez, berriz, udalaren eskumena dela berretsi du, horretarako «zerbitzu espezifiko bat» baitu.
Erantzun ezari buruz galdetuta, martxoaren 26an bizilagunei bidalitako idatzia gogorarazi du —bizilagunek jaso izana ukatu dute—. Bertan, bizilagunek edukiontziak jartzeko proposatutako bi aukerak aztertu zituztela azaldu, eta Aizmendikoa baztertuta —bizilagunek inoiz proposatu ez dutela diote—, hartutako erabakiaren berri eman zieten. Tasei buruz, hitzik ez.

