«Erakutsi nahi dugu badaukagula zer defendatu, zer eraiki; badaukagu Euskal Herria irabazteko aukera»
Euskal Herria irabaztera ateratzeko deia egin du Ernai gazte antolakundeak, hilaren 13rako. Taldeko kide Lur Aiartzak (Parte Zaharra, 2002) eta Asier Ostolazak (Morlans, 2004) eman dizkigute mobilizazioaren xehetasun guztiak.
Lur Aiartza eta Asier Ostolaza, Ernaiko kideak.Nagore Garmendia Zer aldarrikatuko duzue irailaren 13an?
Asier Ostolaza (A.O.): Batez ere, bi ideia jarri nahi ditugu erdigunean, eta leloak berak nahiko ondo laburbiltzen ditu: Euskal Herria, irabaztera eta faxismoari ez.
Garai erabakigarriak bizi ditugu. Kapitalismoaren krisi eta eraldaketa garai honetan, gero eta indar handiagoa hartzen ari dira aterabide autoritario, baztertzaile eta atzerakoiak. Eta gazteok hori ez dugu teoria hutsean bizi: prekaritatean, etxebizitzaren arazoan, etorkizunarekiko ziurgabetasunean edo bizi proiektu propio bat eraikitzeko zailtasunean ikusten dugu, egunero.
Horren aurrean, gure aldarria ez da faxismoari “ez” esatera mugatzen. Posizio irmoa hartu behar dugu, noski, baina horrekin batera alternatiba bat ere eraiki behar dugu: Euskal Herri aske, feminista, sozialista eta euskalduna. Beraz, irailaren 13koa faxismoaren kontrako mobilizazioa da, baina baita gure herriaren askatasunaren aldekoa ere.
Zergatik da hain garrantzitsua ikasturte hasieran, irailaren 13an bertan, kalera irtetea?
Lur Aiartza (L.A.): Momentuak berak badu garrantzia. Ikasturte politiko berri bat hasiko dugu, eta hasieratik erakutsi nahi dugu gazteok ez gaudela gertatzen ari denari begira geratzeko prest.
Oldarraldi erreakzionarioaren aurrean ezin gara beti besteek markatutako erritmoan ibili, eraso bakoitzari erantzuten soilik. Guk ere gure agenda jarri behar dugu mahai gainean: zein herri nahi dugu? Zer bizi baldintza nahi ditugu? Zer balioren gainean eraiki nahi dugu gure etorkizuna?
Eta Euskal Herrian, gainera, ez gara hutsetik hasten. Hamarkadetako borrokek, herri mugimenduek eta antolakuntzak oinarri sozial eta politiko sendo bat utzi digute. Badaukagu borrokarako eta antolatzeko esperientzia, eta irailaren 13an indar hori guztia aktibatu, batu eta ikasturteari bultzada ematea da helburua.
Ez diogu, soilik, dagoenari aurre egin nahi,
beste etorkizun bat eraiki nahi dugu.Asier Ostolaza, Ernaiko kidea
Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez da leloa. Zer esan nahi duzue “irabaztera” joatearekin?
A.O.: Guretzat irabaztea ez da soilik faxismoari espazioa kentzea. Gaur egun dagoen haserrea, ezinegona eta aldaketarako gogoa norabide askatzaile batera eramatea ere bada, eta hori ez da egun batetik bestera egiten.
Herriz herri eta auzoz auzo antolatzea da; komunitatea eta herrigintza indartzea; feminismoa, langileen borrokak, euskara, gazte borrokak eta nazio askapena indartzea; azken batean, urteetan eraikitako indarrak aktibatzea eta nahi dugun Euskal Herria gaurtik eraikitzen hastea.
Horregatik, guretzat antifaxismoa ez da faxismoaren aurrean erantzutea, soilik. Proiektu emantzipatzaile oso bat eraikitzea ere bada. Zentzu horretan esaten dugu Euskal Herria aterabidea dela: ez diogu, soilik, dagoenari aurre egin nahi, beste etorkizun bat eraiki nahi dugu.
Esan izan duzue sistema gero eta gogorrago eta autoritarioago datorrela. Nola sumatzen du hori Euskal Herriko gazte batek bere azalean?
L.A.: Ba, oso modu zehatzean, ez da zerbait abstraktua: etxebizitza eskuratzeko ezintasunarekin, soldata baxuekin, lan prekarioekin edota etorkizuna planifikatzeko zailtasunarekin ikusten dugu.
Horrek frustrazioa eta haserrea sortzen ditu, eta baita sistemarekiko desatxikimendua ere. Eta hor dago, gaur egun, borroka politikoetako bat: ezinegon horrek potentzial eraldatzailea izan dezake, baina oldarraldi erreakzionarioak beste norabide batera eraman nahi du, errudun errazak seinalatuz eta aterabide baztertzaileak eskainiz.
Horregatik ikusten ditugu feminismoaren, migratzaileen, euskararen edo bestelako borroka askatzaileen aurkako diskurtsoak. Faxismoa ez da haserre solte bat; estrategia, agenda eta helburu politiko propioak dituen ideologia da, eta testuinguru bakoitzera egokitzeko gaitasuna dauka.
Gazte askok etsipena edo haserrea sentitzen dute gaur egun, eta batzuek mezu atzerakoietara jotzen dute. Nola erantzun diezaioke ezkerrak joera horri?
A.O.: Lehenengo, haserre hori nondik datorren ulertu behar dugu. Gazte batek ezin badu etxetik joan, lan baldintza prekarioak baditu edo etorkizun bat eraikitzeko aukerarik ikusten ez badu, baditu haserretzeko arrazoiak.
Arazoa da eskuin muturrak haserre hori bereganatu eta errudun faltsuen aurka bideratzen duela. Eta horren aurrean ezkerrak ezin du mezu erreakzionario bakoitzari erantzutera mugatu. Alternatiba sinesgarri bat eskaini behar dugu, egunerokoan ere ikusten dena: antolatzeko espazioak sortuz, komunitatea indartuz, borroka zehatzak eginez eta gauzak kolektiboki alda daitezkeela erakutsiz.
Euskal Herrian, gainera, horretarako tradizio eta tresna asko ditugu. Herrigintzak, jai herrikoiek, mugimendu feministak, euskararen aldeko borrokek eta beste hainbat herri ekimenek erakutsi digute beste balio batzuen gainean antolatu gaitezkeela. Hori ere bada oldarraldi erreakzionarioari aurre egiteko modu bat.
“Duintasunez bizitzea” aipatzen duzue. Zuen ustez, zerk estutzen ditu gehien gaur egungo gazteak?
L.A.: Nik ez nuke arazo bakar batera mugatuko, azkenean, denak nahiko lotuta daudelako: etxebizitza, soldata baxuak, lan baldintza prekarioak, emantzipatzeko zailtasuna edo bizi proiektu propio bat eraiki ezin izatea.
Gazte askok ikusten dugu, lan egin arren, ezin dugula independentzia ekonomikorik lortu edo etorkizuna lasaitasunez planifikatu. Eta horrek zuzenean baldintzatzen du gure bizitza.
Guretzat “duintasunez bizitzea” ez da bizirautea bakarrik. Zure bizitzaren gaineko erabakiak hartu ahal izatea da, etxebizitza eta lan baldintza duinak edukitzea eta zure herrian etorkizun bat eraiki ahal izatea.
Horregatik lotzen ditugu gazteon bizi baldintzak eta Euskal Herriaren askatasuna: gure bizitzen eta gure herriaren gainean erabakitzeko tresnak behar ditugu.
Zergatik da orain antolatzeko momentua?
A.O.: Gauzak, dagoeneko, aldatzen ari direlako. Ez gara etorkizunean agertuko den arrisku bati buruz hitz egiten ari. Oldarraldi erreakzionarioa martxan dago, eta jendartearen zentzu komuna eskuinerantz mugitzeko borroka ere hor dago. Beraz, gaur erabakitzen ari da ezinegon sozial hori zein norabidetan joango den: aterabide autoritario eta baztertzaileetara edo prozesu askatzaile batera.
Baina guk egoera ez dugu mehatxu bezala soilik ikusten: aukera bat ere bada. Euskal Herrian urte luzez antolatutako borrokek oinarri sendo bat utzi digute, esperientzia eta antolatzeko gaitasuna baditugu, eta orain indar hori aktibatzea dagokigu. Ez gara hutsetik hasten, eta hori ere bada gure indarguneetako bat.
Faxismoa ez da haserre solte bat;
estrategia, agenda eta helburu politiko propioak dituen ideologia da,
eta testuinguru bakoitzera egokitzeko gaitasuna dauka.Lur Aiartza, Ernaiko kidea
Irailaren 13ko mobilizazioa eta gero, zer?
L.A.: Argi daukagu irailaren 13a ez dela helmuga. Mobilizazioak indarra erakusteko, jendea batzeko eta ikasturteari bultzada emateko balio behar du, baina hurrengo egunetik aurrera, lanak herrietan eta auzoetan jarraitzen du.
Benetako erronka, egun horretan sortutako indarra eguneroko antolakuntzara eramatea da: gazteon arazoei erantzutea, borrokak sortu eta indartzea, komunitatea eraikitzea eta Euskal Herriaren askatasunaren aldeko proiektua egunerokoan gauzatzea.
Azken batean, herri hau egunez egun eraikitzen da. Irailaren 13a bide horretan beste urrats bat izango da, ez egun isolatu bat.
Zer esango zeniokete oraindik kalera ateratzea alferrikakoa dela pentsatzen duen norbaiti?
A.O.: Ba, ulertzen dut batzuetan sentsazio hori edukitzea. Baina nik gure ingurura eta gure historiara begiratzeko esango nioke.
Gaur Euskal Herrian dauzkagun eskubide, espazio eta borroka asko ez zaizkigu oparitu. Ikastolak, euskararen aldeko mugimendua, mugimendu feminista, langile borrokak, herri mugimendua edo erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioak urteetako antolakuntza eta borrokaren emaitza dira.
Horregatik esaten dugu ez garela hutsetik hasten. Belaunaldiz belaunaldi borrokaren eta antolakuntzaren bidez eraikitako oinarri politiko eta sozial bat daukagu. Aurretik egindako borroka horiek gaur gauden lekura ekarri gaituzte, eta gaur egiten dugunak ere biharko Euskal Herria baldintzatuko du.
Argi dago manifestazio bakar batek ez duela dena aldatuko; baina kalera ateratzea, antolatzea eta kolektiboki borrokatzea alferrikakoa dela esatea gure herriaren esperientziak berak gezurtatzen du. Irailaren 13an erakutsi nahi dugu badaukagula zer defendatu, badaukagula zer eraiki eta badaukagula Euskal Herria irabazteko aukera.

