Intxaurrondo Zaharreko jaiak, auzotarren esku
Erramuz apainduko dute bihar auzoa, baina ostegunera arte, irailak 10, ez dituzte hasiko jaiak. Osagai ezagunekin prestatutako egitarauan berritasunen bat bada, gazteen arteko harri desafioa, kasu.
Intxaurrondo Zaharreko jai batzordeko kideak. Oier Arribas Ciria Intxaurrondo Zaharrak herri izaera du. Edo nahia, gutxienez. Jaietan giro ona da nagusi, baina, han, alkateari ematen diote agintea auzotarrek. Txupinazoaren aurretik, beren burua aurkeztu duten bizilagunen artean aukeratzen dute agintaria. Lehen zereginetako bat jaien omenduari saria ematea da. Aitortzarekin batera, etxafuegoari sua emateko ohorea ere jasotzen du saridunak. Ez du nor izango den azaldu nahi izan jai batzordeko kide Jone Alvarezek; soilik, «bereziak» direla, «auzotarrak» baitira. Hori guztia ostegunean, hilak 10, gertatuko bada ere, aurrez, erramuz apainduko dituzte kaleak, leihoz leiho, jada berritu duten ohitura zaharrari jarraiki. Egitarau osoa ikusgai duzue hemen.
Erantzun onak egonkortutako egitarauari ekarpen gutxi egin dakioke, baina baten bat bada aurtengoan. Utzitako bat berreskuratuta, baratxuri zopa prest izango dute larunbat goizaldean Zulo Zahar elkartean, ostiral gau luzeari amaiera ona eman eta etxera tripa beteta joateko. Horrez gain, gazteen harri desafioa prestatu dute lehenengoz. Azken urteetan gaztetxoek eta nerabeek beren tokia izateko ahalegina egiten ari dira auzoko zenbait familia. «Hasieran, herri kirol libreak egingo dituzte. Gero, gazteenek Zein da zein proba jolasa izango dute eta besteek desafioa». Hala, nor baino nor ariko dira Intxaurrondoko eta Egiako harrobiak.
Ohitura berriak
Herri kirolek garrantzi berezia hartu dute azken urteetan, emakumezkoen trontza probari esker. Hamabost-hamazazpi bikote lehiatuko dira, aurten; tartean, Alvarez bera. Egin duten hiruetan lehiatu da. Hasieran, jarduera berria zelako animatu zen, «herri kiroletan emakumezkoen parte hartze indartze aldera sortu zelako», gerora, «ohitura» bihurtu da eta «ilusioz betetzen» du. «Jendetza agertzen da eta parte hartzaileen artean oso giro ona izaten dugu. Jendea gero eta gehiago entrenatzen hasi da, beraz, balio izan du auzoko emakume desberdinak elkartzeko ere», gogoratu du. Behar baino gutxiago entrenatu duela aitortu arren, «zeozer egingo dugu», uste du.

Arrakasta du trontzak, eta nola ez, musikak. Iaz moduan, Zulo Zaharrek Txaparrenen kontzertuak antolatu ditu, «pixkana, gune berri bat sortu eta auzoa pixka bat handitzeko». Kioskoak, larunbatean, Flesh&Blood Posse eta Redstone ekarriko ditu; eta, Erdikoa tabernak DJ saio bat prestatu du duela gutxi hildako Juanjo Iturrioz bizilagunaren omenez. Jai batzordearen ardura direnen artean, Niña Coyote eta Chico Tornado nabarmendu ditu kideak: «Auzoko jendea, auzoan».
Ardura zaharrak
Huts egiten ez duten beste jarduerak su artean eta mahaiaren bueltan aurrera eramaten direnak dira. «Intxaurrondo Zaharra familia auzoa da, eta janak elkartzen du familia», laburbildu du kideak. Jaietan oso une bereziak izaten dira otorduak, ostiraleko afarian, esaterako, «giro aparta egoten da». Paella herrikoia, parrillada… zer jan ez da faltako. Marmitako txapelketa ere indarra hartzen doa, partaidetza ostiral gau luzeak baldintzatuta ere. Aurten, iaz moduan, haurrentzako menua izango dute larunbateko bazkarian, Intxhaurgunearen eskaintza borobiltzeko.
Jai batzordeaz harago, eragile eta norbanako ugari badira ardurak hartzen dituztenak. Urtez urte errepikatzen diren jarduerak gauzatzea bere gain uzten dituztenez, Alvarezen esanetan, festak «auzo guztiaren lana izaten dira, ez jai batzordearena soilik».
Hilaren 14an amaituko badira ere, urriaren 9ra arte iraungo duen jarduera bat bada: 50 urte Intxaurrondo Zaharrean. Zahartzaroa bizitzen! erakusketa. Larrotxenen egongo da Aitona-Amonen Etxeak auzoarekin duen lotura islatzen duen irudi bilduma.

