Orlando Bloom, Penelope Cruz, Brad Pitt... Itxi dute Zinemaldiko izarren zerrenda
Maialen Beloki eta Jose Luis RebordinosJoseba Parron 47 herrialdetako 263 film eskainiko ditu Zinemaldiak eta mundu osoko zinemagile, antzezle, ekoizle eta gidoilari ugari izango dira bertan. Gaur Tabakaleran egindako prentsaurrekoan, Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek eta zuzendariorde Maialen Belokik azkeneko zerrenda aurkeztu dute, eta honako hauek agertzen dira, besteak beste, zerrenda horretan: Orlando Bloom, Marion Cotillard, Penelope Cruz, Ricardo Darin, Virginie Efira, Lali Esposito, Eduard Fernandez, Dolores Fonzi, Jeremy Irons, Denis Lavant, Vincent Lindon, Rami Malek, Noemie Merlant, Mercedes Moran, Lena Olin, Nahuel Pérez Biscayart, Brad Pitt, Tom Sturridge eta Marcelo Subiotto.
Donostiara etorriko dira, halaber, hainbat zuzendari euren filmak aurkeztera, hala nola Fatih Akin, Beth de Araújo, Lukas Dhont, Jesse Eisenberg, Nicole Garcia, Pablo Larraín, Diego Luna, Valentina Maurel, Martin McDonagh, Tsai Ming-Liang, Cristian Mungiu, Hans Peter Moland, Olivier Nakache eta Eric Toledano, Pawel Pawlikowski, Ira Sachs eta Andrey Zvyagintsev. Horrez gainera, Werner Herzog zinemagile alemanak, Donostia Saria jasoko duenez, Orlando Bloomekin batera aurkeztuko du bere film luze berria, Bucking Fastard; Naomi Watts aktoreak —Ben Shirinianek zuzendutako The Housewife filmaren protagonistak— ere jasoko du sari hori bera, eta Lena Olin antzezlearekin batera izango dugu hirian. Bloomek Donostia saria emango dio Herzogi eta J.A. Bayonak zuzendariak, Wattsi.
Sail Ofizialaren lehiaketan, nazioarteko presentzia ugari egongo dira: Fatih Akin, Geister / Ghost Song filmaren zuzendaria eta haren protagonistak, Mariam Dawoud eta Eren M. Guvercin; Jesse Eisenbergek bere hirugarren filma aurkeztuko digu zuzendari gisa, The Debut, hain zuzen; Marion Cotillard aktorea Nicole Garciarekin ikusiko dugu (7h40 ce matin-là / Milo); Frederic Cavaye, Vincent Lindon, Tahar Rahim, Noemie Merlant, Camille Cottin eta Benjamin Lavernhe Les Miserables filmaren ordezkari gisa bertaratuko dira gure hirira; Marion Bailey, Paul Jesson eta Alice Bailey Johnson, bestalde, Mike Leighen —Tender Loving Care filmaren zuzendariaren— izenean izango ditugu Zinemaldian, eta Hans Peter Molandi lagun eginez, Herbert Nordrum eta Asta Kamma August etorriko zaizkigu Donostiara (Markens grøde / Growth of the Soil). Horrez guztiaz gain, lehiaketan parte hartuko duten filmak aurkeztuko dizkigute Amanda Kernell (Garrat du vaimmu / Brace Your Heart) eta Yeşim Ustaoğlu (Artakalan / What Remains) zuzendariek, hiru errealizadore hasiberri hauetaz bestalde: Tony Vahl alemaniarra (Krux), Maha Harada japoniarra (My Father’s Room) eta Ah Biao txinatarra (Bian jing / Border). Lehiaz kanpo, Brad Pitt aktore eta ekoizleak babestu egingo du David Ayerrek zuzendutako The Heart of the Beast filmaren estreinaldia, ahaztu gabe Michaël R. Roskam zinemagile belgikarrak Le Faux Soir pelikularekin emango diola amaiera Zinemaldiari, Arieh Worthalter izanik haren protagonista nagusia.
Gainera, Beste jarduera batzuk sailaren barnean, The Mission filmaren emanaldiak, pelikularen 40. urteurrena dela-eta, Roland Joffe zuzendariaren, Jeremy Irons jokatzailearen eta David Puttnam ekoizlearen presentzia izango du.
Zinema latinoamerikarra
Zinema latinoamerikarrak Zinemaldian izan ohi duen presentziak ere pertsona ezagun ugari bilduko ditu aurten, ia atal guztietan. Zehazki, Sail Ofizialari dagokionez, Lali Esposito eta Marcelo Subiotto aktoreek Benjamín Naishtat argentinarraren Glaxo filmaren estreinaldian hartuko dute parte, eta Mercedes Moranek, Dolores Fonzik eta Mariana Enriquez idazleak Pablo Larraín txiletarraren Mis muertos tristes pelikularen alde egingo dute, Sail Ofizialean; Sail Ofizialean estreinatuko da, horren ildotik, Vicentina pede disculpas / On Behalf of my Son pelikula, Gabriel Martinsena.
Horizontes Latinos sailari gagozkiola, Valentina Maurel zuzendari costarricarra Daniela Marín eta Marina de Tavira antzezleez lagunduta izango dugu Zinemaldian (Siempre soy tu animal materno), Diego Luna mexikarra, berriz, Adriana Paz, Anna Díaz eta Teresa Lozano aktoreez (Ceniza en la boca) eta Marcelo Martinessi paraguaitarra, azkenik, Diro Romero, Mona Martínez eta Nahuel Pérez Biscayart jokatzaileez (Narciso). Euren filmak aurkeztuko dizkigute, sail horretan bertan, Manuela Martelli (El deshielo) txiletarrak, Fernando Eimbcke (Moscas), Bruno Santamaría (Seis meses en el edificio rosa con azul) eta Fernanda Tovar (Chicas tristes) mexikarrek, Lorenzo Ferro (El tren fluvial) eta Alessandra Sanguinetti (La ilusión de un verano sin fin) argentinarrek; Ricardo Alves Jr. brasildarrak (A Professora de Francés) eta Esteban Hoyos eta Juan Miguel Gelacio (Cinco años, cuatro meses) kolonbiarrek.
Horizontes Latinos, alabaina, ez da izango presentzia latinoamerikarra izango duen sail bakarra. Izan ere, Zabaltegi-Tabakaleran argentinar hauen presentzia izango dugu: María Alché eta Benjamín Naishtat —Pedro en el paísen zuzendariak— eta Albertina Carri —Cine vivo, un artefacto performancea lehiaz kanpo erakutsiko diguna—. Beste jarduera batzuk sailak, gainera, Hernan Goldfriden Lo dejamos aca filmaren emanaldia hartuko du barne, ahaztu gabe Ricardo Darín —arestian aipatutako filmeko protagonista nagusia eta Donostia Zinemaldiaren 74. edizioaren kartel ofizialaren irudia— ere gurekin izango dugula.
74. edizioko epaimahaiak
Zinemaldiaren 74. edizioko Sail Ofizialeko epaimahaiburua Ira Sachs zinemagile estatubatuarra izango da, aurten Perlaken parte hartuko duena The Man I Love filmarekin, Cannesko azken zinema-jaialdiko lehiaketan estreinatua, eta aurretik sail horretan egon dena Love Is Strange (2014) eta Little Men (2016) filmekin. Epaimahaikide izango ditu, besteak beste, Genki Kawamura zuzendari eta gidoigile japoniarra, A Hundred Flowers(Sail Ofiziala, 2022) eta Exit 8 (2025) lanen egilea eta Your Name (2016) eta Monster(Perlak, 2023) filmen ekoizlea; Catherine Paillé gidoigile frantsesa, Le Sixième enfant(2022), Les Magnétiques (2021) eta Shéhérazade (2018) filmen gidoiak idatzi zituena; Alice Braga aktore eta ekoizle brasildarra, Cidade de Deus (Perlak, 2002) eta I Am Legend (2007) film luzeen eta Queen of the South eta We Are Who We Are serieen protagonista; eta Patricia López Arnaiz euskal antzezlea, Los destellos / Glimmers (2024) filmarengatik interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra lortu ondoren, Los domingos / Sundays (2025) filmeko —Urrezko Maskorra irabazi zueneko— protagonista izan zena eta aurten Sail Ofizialera lehiaz kanpo itzuliko dena Sacamantecas / The Harvester filmarekin. Epaimahaia bi hauek osatuko dute: lehenik, Bill Skarsgård aktore suediarra —besteak beste, It (2017), Nosferatu (2024) eta Dead Man’s Wire (2025) filmen eta Hemlock Grove serieen protagonista—; eta bigarrenik, Mike Goodridge ekoizle britainiarra, Club Zero (2023), Touch (2024), Orphan (2025) eta Ballad of a Small Player (Sail Ofiziala, 2025) lanetan parte hartu duenak.

