Juan Karlos Izagirre ez da EH Bilduren alkategaia izango
Mediku lanera itzuliko da EH Bilduko bozeramailea, erakundeetan hamabi urteko ibilbidea osatu ostean. GARAn argitaratutako elkarrizketa batean, Donostiarentzat “gobernu aldaketa” aldarrikatu du eta gogor kritikatu ditu udal gobernuaren kudeaketa, turismo eredua, etxebizitza politika eta Osakidetzaren egoera.
Juan Karlos Izagirre, udaletxearen atarian.EH Bildu Juan Karlos Izagirrek ez du errepikatuko EH Bilduren Donostiako alkategai gisa. Donostiako alkate ohi eta egungo zinegotziak GARA hedabideari eskainitako elkarrizketa batean eman du bere erabakiaren berri: erakundeetako lehen lerroa utzi eta oinarrizko militantziara zein medikuntzara itzuliko da, datorren ekainean.
“Beti izan dut argi lehen lerrorako eta erakunde publikoetarako ekarpenak denboran mugatua izan behar duela. Hamabi urteren ostean, EH Bilduko oinarrizko militante izatera itzultzeko unea iritsi da”, azaldu du Izagirrek. Bere hitzetan, “oso pozik” hartuko du berriz mediku jarduna. Koalizioaren ordezkoari dagokionez, aurreratu du erreleboa “ziurtatuta” dagoela eta datozen asteetan militanteek aukeratuko dutela.
Hiriaren egoera
Donostiak bizi duen egoerari erreparatuta, Izagirrek salatu du udal gobernuak “postaleko hiri” baten alde egin duela elkartasuna alboratuz —afari solidarioak debekatuz eta ogitartekoak banatzen dituztenak identifikatuz— eta eskuinaren zein muturreko eskuinaren diskurtsoak bereganatuz. Horrekin batera, herritarren gehiengo zabal batek turismoaren gorakadarengatik agertutako nekea eta nortasun kulturalaren galera nabarmendu ditu, baita etxebizitzaren arazo larria ere. Azken horri aurre egiteko, Auditz-Akular bezalako berdeguneak suntsitu beharrean, eraikitako hirian eragitea (etxebizitza hutsak mobilizatzea eta bulegoak etxebizitza bilakatzea, esaterako) eta sustatzaile handiei etxebizitza babestu tasatuak egitera behartzea defendatu du elkarrizketa horretan.
Kritika berbera egin die mugikortasunari eta zerbitzu publikoei: metroaren pasantea aurrekontua bikoiztu duen eta beharrezkoa ez zen lurpeko inbertsio gisa jo du, Donostia “azaletik mugitzeko hiria” dela gogoratuz, eta mediku gisa Osakidetzaren “hondatzea” eta lehen arretaren desegitea gaitzetsi ditu. Izagirreren hitzetan, Jon Insausti alkatearen izendapena “aurreko berbera egiteko inoiz ikusi gabeko marketin operazio bat” besterik ez da izan, eta arazo horiei guztiei aurre egiteko hiriak “ezinbesteko gobernu aldaketa” bat behar duela berretsi du, EH Bilduren eskutik.

