Gose direnei jaten ematea da eztabaida
Harrera Sareak salatu du Udaltzaingoa kale egoeran dauden pertsonen aurka jazartzen ari dela, Jon Insaustik afari solidarioak debekatu zituenek. Aldiz, «Donostia solidarioa» aldarrikatu du alkateak, eta uste du «debateak nahasten ari garela».
Hiritarron Harrera Sarearen agerraldia Ijentea kalean, udaletxearen atarian.Inaxio Esnaola Aranzadi Uztailaren 27ko debekuak ez du kale egoeran bizi diren pertsonen gosea apaldu. Kaleko afari solidariorik gabe utzi zituen Donostiako Udalak, Jon Insausti alkateak harturiko erabakiarekin. Udalak otordu gehiago banatuko zituela iragarri zuen, segurtasun neurriak ere areagotuko zituela esan gabe. Izan ere, Udaltzaingoa etxegabeei jaten ematen dieten herritarrak identifikatzen ari da, Kaleko Afari Solidarioak taldearen jarduna bertan behera utzi zutenetik.
Poliziaren jazarpena salatzeko agerraldia egin zuen astelehenean Hiritarron Harrera Sareak, udaletxearen aurrean. Insausti «elkartasuna kriminalizatzen duen alkatea» dela adierazi zuten, azken asteotan haien taldeko hainbat boluntario identifikatu dituztelako. Udaltzaingoa kalean bizi diren pertsonen aurkako «hainbat kaleratze eta garbiketa ekintza» egiten ari dela deitoratu zuen Ainhoa Unanue Harrera Sareko kideak: «Udako hilabeteetan Poliziaren jarduera hauek areagotu egin dira, eta hiriko kaleetan bizi diren pertsonek era guztietako jarduerak pairatu behar izan dituzte Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren partetik: lo egiten duten lekuak uzteko mehatxuak, beraien ondasunak haustea eta suntsitzea, kanpin dendak moztea eta puskatzea, eta euren objektu pertsonalak kentzea eta botatzea».
Horren aurrean, alkatea «bere jarrera garbitu nahian» dabilela esan zuen Unanuek: «Dugun egoerari aurre egiteko, guztiz urriak diren baliabideak eskaintzen edo eskaintzen saiatzen ari da». Izan ere, kale egoeran dagoen pertsona batek hiru edo lau hilabete artean itxaron behar du gizarte langile batekin lehen hitzordua lortzeko. Aldiz, beste hiru hilabete behar dituzte erroldatu ahal izateko, eta behin sei hilabeteko errolda baimena lortuta, balorazio elkarrizketa bat eska dezake. Ondoren, beste hilabete bat itxaron behar du ebazpena jasotzeko. «Azkenik, hainbat hilabeteko itxaron zerrenda batean izena ematea lortu eta baliabideren batean sartzen dira, kasurik onenean. Laburbilduta, pertsona batek urtebete eta bi urte artean igaro ditzake kalean bizitzen, inolako baliabide egonkorrik gabe».
Kezkatuta
Harrera Sarea kezkatuta agertu da azken egunotan ikusi eta bizi ahal izan dituzten hainbat egoerekin. «Esaterako, Tabakalerako liburutegiaren barruan, seme-alaba adingabeez lagundutako boluntarioak identifikatu eta zigor mehatxua egin diete, kalean bizi diren gazteekin askaria partekatzeagatik», azaldu zuen Unanuek.
«Egoera bortitzak» bizi izan dituztela gehitu zuen: «Boluntarioak identifikatzea etxegabeei gaztelaniazko klaseak ematea moduko oinarrizko jarduera bat garatzen zuten bitartean. Hainbat boluntario udaltzainek gelditu dituzte eta zigorrekin mehatxatu, jarduera horretan partekatutako espazioen elikagaiak zeudelako».
Bestalde, 2025eko azarotik egun arte, Donostian kale egoeran bizi ziren zazpi pertsona hil direla salatu zuen Harrera Sareak. «Horietatik bost kalean bizi izateak ekarritako egoeren ondorioz hil dira», zehaztu zuen Unanuek.
2025eko azarotik egun arte, Donostian kale egoeran bizi ziren zazpi pertsona hil direla salatu du Harrera Sareak
Alkatearen erantzuna
Ikasturte politiko berriko lehen agerraldian, Insaustiri Harrera Sareak egindako kritiken inguruan galdetu zioten. «Elkartasuna kriminalizatzea» egotzi ondoren, zera adierazi zuen: «Gaur, inolako konplexurik gabe, Donostia solidarioa aldarrikatu nahi dut. Solidarioa den hiria. Eta ezin zaigu esan solidarioak ez garenik, ez udala eta ezta herritarrak ere. Uste dut eztabaidak nahasten ari garela». Horrekin batera, errepikatu zuen Donostiak «historian» izan duen aurrekonturik sozialena duela, «40 milioi euro baino gehiagokoa».
Gainera, udalak 416 otordu ematen dituela nabarmendu zuen, «soilik otorduak ez direnak, gizarteratzea eta laneratzea lortzeko ibilbideak direlako». Otordu horiei, Caritasek, Gurutze Gorriak, Elikagaien Bankuak eta beste elkarte batzuek ematen dituztenak gehitu behar zaizkiela esan zuen, «udalarekin koordinatuta». Hau da, Kaleko Afari Solidarioak taldeari ez zion aipamenik egin.
«Inklusioa da debatea»
Udalak harturiko neurriek «balioa dutela» berretsi zuen, eta horiek «indartu» behar direla: «Elkartasuna bai ala ez, hori ez da eztabaida. Inklusioa da debatea, eta hori nola lortu, zein baliabiderekin. Buru-belarri nabil lanean. Gai honetan pertsonalki sinesten dut, eta uste dut hiri honek aukerak eman behar dizkiela hona bizitzera zein lanera datozen pertsona guztiei. Beti ere, humanismoa eta exijentzia eskatuz».
Horrez gain, aitortza bat ere egin nahi izan zuen alkateak: «Asko hitz egiten da etxegabeei buruz, baina soilik dirudi egoera hau Donostian ematen dela. Zoritxarrez, fenomeno honek hiria gainditu egiten du, eta ez dakit interesik dagoen fokua soilik hemen jartzeko. Arazoa zabalagoa da».
Gai horri buruz «argi hitz egin» nahi duela gaineratu zuen, eta alternatibak eskaini nahi dituela, «eztabaidagarriak izan arren». «Nik ez ditut arazoak alfonbra azpian ezkutatuko, eta lanean jarraituko dut».


