«Donostia solidarioa aldarrikatu nahi dut»
Harrera Sareak egindako azken salaketei erantzun die Jon Insausti alkateak: "Elkartasuna bai ala ez, hori ez da eztabaida. Inklusioa da debatea, eta hori nola lortu, zein baliabiderekin".
Jon Insausti alkatea, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.Donostiako Udala Ikasturte politiko berriko Donostiako alkatearen lehen agerraldia, espero baino luzeagoa izan da. Izan ere, Hiritarron Harrera Sareak atzo udaletxe aurrean egindako agerraldiaz galdegin diote Jon Insaustiri.
“Elkartasuna kriminalizatzea” egotzi zioten, baina ez dio salaketa horri erreparatu: “Gaur, inolako konplexurik gabe, Donostia solidarioa aldarrikatu nahi dut. Solidarioa den hiria. Eta ezin zaigu esan solidarioak ez garenik, ez udala eta ezta herritarrak ere. Uste dut eztabaidak nahasten ari garela”. Horrekin batera, errepikatu du Donostiak “historian” izan duen aurrekonturik sozialena duela, “40 milioi euro baino gehiagokoa”.
Gainera, udalak 416 otordu ematen dituela nabarmendu du, “soilik otorduak ez direnak, gizarteratzea eta laneratzea lortzeko ibilbideak direlako”. Otordu horiei, Caritasek, Gurutze Gorriak, Elikagaien Bankuak eta beste elkarte batzuek ematen dituztenak gehitu behar direla esan du, “udalarekin koordinatuta”. Hau da, Kaleko Afari Solidarioak taldeari ez dio aipamenik egin. Bestalde, gogoratu du “bederatzi hilabete baino gutxiagoko tartean”, gaitasuna izan dutela “turismora bideratutako aterpetxe bat gizarte zerbitzuetako baliabide” bihurtzeko; La Sirena, zehazki.
Eztabaida eta fokua
Erakunde publikoak egiten duenak “balio duela” berretsi du Insaustik, eta hori “indartu” behar dela. Ildo horretatik, jasotako kritikei erantzun die: “Elkartasuna bai ala ez, hori ez da eztabaida. Inklusioa da debatea, eta hori nola lortu, zein baliabiderekin. Buru-belarri nabil lanean. Gai honetan pertsonalki sinesten dut, eta uste dut hiri honek aukera eman behar dizkiela hona bizitzera zein lanera datozen pertsona guztiei. Humanismoa eta exijentzia eskatuz”.
Horrez gain, aitortza bat ere egin nahi izan du alkateak: “Asko hitz egiten da etxegabeei buruz, baina soilik dirudi egoera hau Donostian ematen dela. Zoritxarrez, fenomeno honek hiria gainditu egiten dut, eta ez dakit interesik dagoen fokua soilik hemen jartzeko. Arazoa zabalagoa da”.
Gai honi buruz “argi hitz egin” nahi duela gaineratu du, eta alternatibak eskaini nahi dituela, “eztabaidagarriak izan arren”. “Nik ez ditut arazoak alfonbra azpian ezkutatuko, eta lanean jarraituko dut”. Hori dela eta, etzi, Donostialdeko alkateekin eta udalerrietako ordezkariekin bilera bat egingo du Donostiako Udaletxean, afera honi buruz hitz egiteko. “Gure artean hitz egin behar dugu, egoera hau nola hobetu aztertzeko eta irtenbide berriak mahai gainean jartzeko”, esan du Insaustik.

