KAS: elkartasun uholde bat, askotan seinalatua
Ia sei urteko ibilbidea egin du momentuz Kaleko Afari Solidarioak taldeak Donostian, beharra duten pertsonei egunero afari beroak banatuz, udalaren debekua jaso berri duen arte. Urteotan, hainbat sektoreren seinalamendua pairatu du KASek.
Kaleko Afari Solidarioak taldearen prentsaurreko jendetsu bateko artxiboko irudia.Xalba Ramirez Urte luzez hainbat sektoretatik eta erakunde publikotatik erasoak eta mehatxuak jaso ostean, azkenean, Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak astelehen iluntzean (hilak 27) jaso zuen albistea: Donostiako Udalak bere jarduna guztiz debekatzea erabaki du. Jon Insausti alkateak argudiatu du “harreman zuzena” dagoela “ekimen horren eta delinkuentzia tasaren artean”. KAS taldeak, lan boluntarioa eginez, 300 afari bero inguru banatzen ditu Donostiako hiru auzotan, egunero-egunero, etxerik gabeko pertsonen edo egoera oso zaurgarrian dauden pertsonen artean, gizarteak duen behar handi bati erantzunez.
Elkartasuna da, beraz, KAS taldearen oinarria, hasiera-hasieratik. Hain zuzen ere, 2020ko azaroan jaio zen egitasmoa, oraindik KAS deitzen ez bazen ere. Ibaetako Infernua auzuneko Fabrika pabiloia hustu zuen Ertzaintzak orduan, hamarnaka pertsona kale gorrian utziz, negu eta pandemia betean. Kalean gelditu ziren pertsona horietako batzuk Parte Zaharreko Plaza Berriko arkupeetan lo egiten hasi ziren, eta euren egoera ikusita, gauero behintzat otordu bero bat eramateko antolatu ziren Parte Zaharreko bizilagun batzuk.
Infernuko kaleratzetik kalean gelditu ziren pertsona horietako batzuk Parte Zaharreko Plaza Berriko arkupeetan lo egiten hasi ziren, eta gauero behintzat otordu bero bat eramateko antolatu ziren Parte Zaharreko bizilagun batzuk
Pixkanaka, auzotar gehiago batu ziren laguntza sare horretara, eta, era berean, kale egoeran zeuden gero eta pertsona gehiago gerturatzen hasi ziren, afariak jasotzera. Horrela, Hiritarron Harrera Sarearekin elkarlanean, boluntario gehiago lortzeko deialdia egin, eta astez aste handitzen joan zen afari beroak prestatu eta banatzeko prest zeuden boluntarioen kopurua. Beharra, ordea, handiegia zen, afariak jasotzera joaten zen pertsonen kopurua ere etengabe hazten ari baitzen. Horregatik, boluntario taldeak banatzea erabaki zuten: bat Parte Zaharrean eta bat Egian. IRUTXULOKO HITZAk bi horien funtzionamenduaren eta lanaren inguruko erreportaje zabala egin zuen 2021eko apirilean.
Elkartasun uholdeak, ordea, kalean zegoen beharraren tamainan hazten jarraitu zuen, eta, urte hartako abenduan, Amara Berriko boluntario taldea sortu zuten. Horrela, atzora arte, Donostiako hiru auzo horietan aritu dira, egunero-egunero, kaleko afari solidarioak banatzen; 300 bat afari egunean. Lan horren guztiaren aitortza gisa, gogoratu behar da Donostiako Piraten Aste Nagusiko Matti pertsonaia izan zela KAS 2024an.
Insaustik bere agerraldian azaldu duenez, KASen jarduna debekatu ostean, Otorduak udal programa indartuko du, 500.000 euro gehiago bideratuz. Horrek egunean ehun otordu gehiago eskaintzea suposatuko duela adierazi du Insaustik, hirian erroldatuta dauden pertsonentzat. Orain arte eskaintzen zituzten 316 otorduei gehituta, guztira, 416 otordu eskainiko ditu udalak egunero, programa horren bidez. “Ez da nahikoa” aitortu du alkateak, eta horixe diote datuek ere: udalak egunean 316 otordu banatuta, KASek beste horrenbeste inguru banatzen zituen egunero; ehun gehiago eskainita, ez zaio behar osoari erantzuten.
“Ez da nahikoa” aitortu du alkateak, eta horixe diote datuek ere: udalak egunean 316 otordu banatuta, KASek beste horrenbeste inguru banatzen zituen egunero; ehun gehiago eskainita, ez zaio behar osoari erantzuten
Seinalamendu kanpainak
KASeko kideen elkartasunak, ordea, seinalamendua ere pairatu du urteotan Donostian, eta “kriminalizazioa” salatu izan du taldeak sarritan. Alderdi politikoei dagokienez, PP izan da argien posizionatu dena KASen aurka, hainbatetan proposatu baitu afari solidarioak debekatzea, ahozko adierazpenetan zein mozio ofizialetan. Azkenekoz, pasa den ekaineko udalbatzarrean proposatu zuen hori bera Alderdi Popularrak; mozioa ez zen aurrera atera, baina PPren jarrera ez ezik, udal gobernuaren jarrera ere salatu zuen KASek orduan, Martin Ibabe Segurtasun zinegotzi jeltzaleak zera esan baitzuen, besteak beste: “Udal gobernua erne dago. Eta egoera iristen bada Egian iritsi zen egoerara, erabakia berbera izango da”.
“Egiako egoera” zioenean, 2024ko urrian Egiako afari solidarioetan gertatutakoari egin zion erreferentzia Ibabek. Izan ere, Lo Que No Te Cuentan De Donosti (LQNTCDD) talde erreakzionarioak deituta, baimenik gabeko elkarretaratze bat egin zuten herritar ugarik orduan Blas de Otero plazan, Egiako kaleko afari solidarioak banatzen zituzten leku eta ordu berean. Beste herritar ugari boluntarioen lana babestera joan ziren, eta istiluak izan ziren —Ertzaintzak KASen aldeko hainbat pertsona identifikatu zituen—, PPren Donostiako hiru zinegotzien parte hartzearekin.
Hurrengo egunean, udalak Egiako afariak debekatu zituen, baina, hala ere, Egiako KASeko taldeak bere lana egiten jarraitu zuen egun horretatik bertatik aurrera, Gipuzkoa plazan. Egungo udal gobernu berbera izan zen Egiako afariak debekatu zituena, baina Eneko Goia zen orduan alkatea. KASen jarduna guztiz debekatzeko erabakia hartu duen Jon Insausti alkateak 2025eko urrian hartu zuen kargua.
KASek agerikoa den zerbait gogorarazi zuen ekaineko udalbatzarreko PPren mozioaren harira: “Ez gara segurtasun dispositibo bat”
“Segurtasuna” izan da, gehienetan, KASen eta, oro har, kale egoeran dauden pertsonekin lan egiten duten herritarren eta eragileen aurka egiteko argudio nagusia, baina ez bakarra. Hain zuzen ere, besteak beste, gogoratu behar da Aitziber San Roman EAJren zinegotziak, Gizarte Ekintzako zinegotzia zenean, “intrusismoa” egotzi ziela aipaturiko herritarrei eta eragileei.
“Segurtasunaren” harira, KASek agerikoa den zerbait gogorarazi zuen ekaineko udalbatzarreko PPren mozioaren harira: “Ez gara segurtasun dispositibo bat. Oso bidegabea da instituzioei dagozkien eginkizunen erantzule egin nahi izatea borondatez elkartasun lana egiten duten pertsonak”. Era berean, hasieratik agertu dira udalarekin hitz egiteko eta elkarlanean aritzeko prest, egoerari behin betiko irtenbide bat emateko asmoz. “Askotan, geure buruari galdetzen diogu ea noiz arte ibiliko garen horrela. Izan ere, ez dakit noiz arte izango den jasangarria azpiegitura on bat izan gabe egoera hau kudeatzen jarraitzea”, zioen KASeko kide batek 2021ean bertan, egitasmoa hasi berritan, hedabide honek argitaratutako erreportaje batean.
Aldiz, udalak debekuaren bidea hartzea erabaki du. 2024ko Egiako debekuaren ostean, mobilizazio oso jendetsua egin zuten ehunka donostiarrek “KASen alde eta arrazakeriaren kontra”, eta afari solidarioek aurrera jarraitu zuten. Orain, momentuz, KASek mobilizaziora deitu du gaurko (hilak 29), 20:00etan, Plaza Berritik abiatuta.

