Astelehen txuri-urdina garaipen batekin ospatu nahi dute
Etxetik kanpo ariko dira Realaren lehen mailako bi taldeak. Neskek Granada izango dute arerio (19:30), eta mutilek Elx (21:30).
Realaren eta Chelsearen arteko neurketa, Zubietan.Reala Ez dira ohikoenak asteleheneko futbol partidak, baina astero daude. Ordea, ezohikoena da Realeko lehen mailako bi taldeek astelehenean jokatzea. Horrela, astelehen txuri-urdina egokitu da. Nesken taldea Granadan ariko da hango taldearen aurka, 19:30etik aurrera. Mutilek, berriz, Elxen zelaian jokatuko dute, 21:30ean. Aste hasiera borobiltzeko garaipena beharko dute.
Izan ere, garaipenak soilik arinduko du bakoitzaren sasoi hasiera. Emakumezkoek porrot batekin hasi zuten liga, Zubietan. Gainera, Txapeldunen Ligako kanporaketa ez zuten gainditu, Chelsearen kontra galduta. Beraz, taldearentzat oso garrantzitsua izango litzateke gaur Granada mendean hartzea. Ez da arerio erraza izango, baina bai aproposa txuri-urdinen maila neurtzeko. Gorka Alvarez entrenatzailearen aurreneko partida ofiziala izango da. Bestalde, gogoratu behar da Europako Kopako bigarren kanporaketa jokatuko dutela, eta Eskoziako Heart of Midlothian izango da aurkaria.
Gizonezkoek, berriz, liga hala moduz hasi dute, partida bat galdu, beste bat irabazi eta hirugarrena berdinduta. Laugarren jardunaldian, Elx gainditu beharko dute, puntu bakarrarekin jaitsiera postuetan dagoena. Realak lau puntu dira, eta beste hiru batzeak arnasa eta konfiantza emango lioke taldeari. Pellegrino Matarazzo entrenatzaileak bigarren taldeko jokalari bakarra sartu du deialdian —Alex Marchal—, eta Jon Pacheco nafarraren itzulera da esanguratsuena. Bestalde, baliteke fitxaturiko Mamadou Sarr eta Hector Fort jokalariek minutuak izatea.

