Auzokideen parte hartzearekin osatuko dute Ametzagañako La Paz egoitzako horma irudia
La Paz egoitzako horma irudia apainduko dute.Nagore Garmendia Gordegia Egiako artxibategi grafikoak deialdia luzatu die herritarrei Ametzagaña kalean kokatuko den horma irudi artistiko berrian parte har dezaten. Egitasmoaren lehen urrats gisa, argazki saio kolektiboak antolatu dituzte Gazteszenan, auzoari “nortasun komunitarioa” emango dion sorkuntza lan bat elkarlanean eraikitzeko helburuarekin.
Horma irudia La Paz egoitzako horman jarriko da, eta Gordegiaren artxiboko memoria historikoa zein gaur egungo auzotarren irudiak uztartuko ditu. Asmoa da auzoko sentsibilitate desberdinak batuko dituen lan deigarri, estetiko eta bateratzailea sortzea.
Hilaren 9 eta 10eko 18:00tan egingo dituzte argazkiak Gazteszenan, eta proiektuaren zuzendaritza artistikoa Nagore Legarreta argazkilariaren esku egongo da. Antolatzaileek zehaztu dutenez, parte hartzaileen anonimotasuna bermatuko da, saioetan ez baita inoren aurpegirik aterako.

