Hona hemen Boga Boga Festibalaren ordutegiak
Kulata musika taldea. Boga Boga Festibalaren laugarren edizioa irailaren 10etik 13ra egingo da Donostian, eta aurten ere musika independenteko hainbat proposamen bilduko ditu Miramar Jauregian, Easo plazan eta Dabadaban. Guztira, 25 artista baino gehiago izango dira egitarauan, nazioarteko izenak eta Euskal Herriko zein Estatuko eszena berriko talde eta bakarlariak tartekatuz.
Egitarauan Sébastien Tellier, Alice Phoebe Lou, Bodega, Merina Gris, MYD, Rüdiger, Mala Gestión, Zeatikez eta Gailu, besteak beste, izango dira. Programak hainbat estilo hartuko ditu: elektronika, rock alternatiboa, punka, dream popa, indiea, ambienta eta technoa, besteak beste.
Miramar jauregia
Miramar Jauregiko lorategiek nazioarteko programazioaren zati nagusia hartuko dute irailaren 11n eta 12an. Ostiralean, Alice Phoebe Lou, Bodega, Mursego, Rachid B, Cervatana eta Llúcia Pla izango dira oholtzan. Larunbatean, berriz, Sébastien Tellier, Merina Gris, MYD, Ana Roxanne, Rubio eta Alai arituko dira. Kontzertuak 18:00etatik aurrera izango dira.
Sébastien Tellier frantziarrak Kiss The Beast disko berria aurkeztuko du Donostian, eta Merina Grisek, berriz, hirian eskainiko duen kontzertu bakarra izango du jaialdiaren barruan, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Ostiraleko kartelburuetako bat Alice Phoebe Lou hegoafrikar kantautore eta Berlinen bizi den artista izango da, eta Bodega talde newyorktarrak ere parte hartuko du.
Easo Plaza
Easo plazan, asteburuko programazioa doakoa izango da. Irailaren 12an, larunbata, Rüdiger, Kulata, Lorea Argarate, Labar, Remei de Ca la Fresca eta Mala Gestión igoko dira oholtzara; hilaren 13an, berriz, Zeatikez, Barrrk, Juan Tatorri, Julia Sabaté, Gailu eta Marte Lasarte izango dira bertan. Hona hemen ordutegiak:
Mercadabadillo eta beste
Musikarekin batera, Mercadabadillo azoka ere egingo da Easo plazan larunbatean eta igandean. 11:00etatik 19:00etara, 50 bat postu izango dira, besteak beste, ilustrazioari, artisautzari, modari, arteari eta autoedizioari lotutako proiektuekin.
Dabadaban, bestalde, jaialdiaren klubeko programazioa izango da. Irailaren 10ean Dolphin Love arituko da, eta hilaren 12ko gauean Yung Prado, Laura Jett eta Manci izango dira Boga Boga Night saioan. Horrela, laugarren edizioak kontzertuetako proposamenekin eta klubeko saioekin osatuko du egitaraua, Donostiako hiru gunetan banatutako programazioarekin, alegia.




