Suhiltzaileen zerbitzuaren erakundeen arteko «koordinazio falta» salatu du LABek
Sindikatuak jakinarazi duenez, irailaren 4an, aldundiko suhiltzaile zerbitzuko guardia burua, Garberako suhiltzaile etxeko bulegotik kanporatu zuten.
Donostiako suhiltzaileek iaz egindako agerraldia, egoitzaren aurrean.LAB Donostiako Suhiltzaileen Zerbitzuko egoitzan gertaturikoa salatu du LAB sindikatuak: “Onartezina da Gipuzkoako Aldundiko Irune Berasaluze Gobernantza diputatu jeltzalearen eta Donostiako Udaleko Martin Ibabe segurtasun zinegotziaren arteko suhiltzaileen inguruko kontraesanek herritarren kaltetan jokatzea”.
Sindikatuak jakinarazi duenez, irailaren 4an, Gipuzkoako Aldundiko suhiltzaile zerbitzuko guardia burua, bere lan ordutegian zegoela, Donostiako Suhiltzaileen egoitzan zuen bulegotik kanporatu zuten. “Bulegoa uztera behartu zuten”, nabarmendu dute, eta “oso larritzat” jo dute erabakia.
Egoitza martxan jarri zutenean, aldundiak dirua jarri zuela gogoratu du LABek, “Donostiako eta Gipuzkoako zerbitzuak bateratzeko helburua zuelako”. Horrela, aldundiko suhiltzaile zerbitzuak bertan kokatu zituen bere komunikazio zentroa eta guardia buruaren bulegoa. “Ez zen kasualitatea izan. Bi zerbitzuak fisikoki toki berean egoteak koordinazioa, informazio trukea eta larrialdien aurrean erantzun eraginkorragoa bermatzeko helburua zuen”, gaineratu dute.
Hori dela eta, sindikatuaren ustez ulertezina da orain “kontrako norabidean doan erabaki hau hartzea”: “Are gehiago, guardia burua larrialdi egoeretan eta, bereziki gauez, erabakiak eta koordinazi -lanak egiteko ardura duen pertsona dela kontuan izanda. Langile bat bere lanpostutik kanporatzea, eta Gipuzkoako larrialdi zerbitzuko arduradun nagusia koordinazioaren erdigunetik ateratzea, ez da arazo pertsonal bat. Guztiontzako eta, batez ere, herritarren segurtasunerako arazoa da”.
LABek ohartarazi du, “erakundeen arteko desadostasunek edo kudeaketa politikoaren ezintasunak” ezin dutela larrialdi zerbitzuen funtzionamenduan eragin: “Herritarren segurtasunarekin ezin da jolastu”.
Horren aurrean, sindikatuak eskatu du “gertaturikoaren erantzukizunak argitzeko, erabaki honen atzean dauden arrazoiak langile guztiei azaltzeko, Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuen arteko koordinazioa bermatzeko neurriak hartzeko, eta egoera bideratzeko gaitasunik erakutsi ez duten arduradun politiko eta teknikoek beren erantzukizunak hartzeko”.

