Euskal Sukaldaritza Berriaren sustatzaileen omenezko liburu bat kaleratu dute
Aurkezpeneko irudi bat.Mantala Basque Culinary Centerrek, Mantalak eta Hazi Fundazioak Euskal Sukaldaritza Berria: atzo, gaur eta bihar liburua osatu dute, mugimendu horren 50. urteurrenaren harira. Argitalpenaren aurkezpena atzo egin zuten K5 txakolina upategian, eta topaketa omenaldia ere izan zen “sukaldea, produktua, lurraldea eta ezagutza partekatua ulertzeko modua eraldatu zuen” belaunaldiari. Bertan izan ziren, protagonistetako batzuk: Elena Arzak, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Tatus Fombellida, Karlos Argiñano, Ramon Roteta eta Hilario Arbelaitz.
Liburuak memoriaren eta orainaren arteko elkarrizketa bat proposatzen du, Andoni Beristain artista bisualak sortutako 50 irudi eta gastronomiari, kulturari eta euskal gizarteari lotutako pertsonen 50 esaldiren bidez. Gastronomiaren funtsezko atal gisa begiratzen dio, baina baita bizirik dagoen jarrera gisa ere: ezagutza partekatzea, besteengandik ikastea, mundura begiratzea eta jatorrira galdera berriekin itzultzea.
Liburua laster egongo da eskuragarri Basque Culinary Centerreko online dendan.

