Bi atxilotu eta ikertu bat, Groseko jatetxe batean lapurtzeagatik
Ertzaintzak 25 eta 28 urteko bi gizon atxilotu ditu, eta 35 urteko beste bat ikertu, atzo goizaldean Groseko jatetxe batean indarra erabiliz lapurtzeagatik. Hiru susmagarriek aurrekariak dituzte.
Gertaerak goizaldeko hiruak aldera jazo ziren, jatetxeko alarmak jo zuenean. Bertaratutako Ertzaintzaren patruilek lokaleko pertsiana eta atea irekita zeudela egiaztatu zuten, baita mostradoreko kutxa erregistratzailea indarrez erauzi zutela ere.
Berehala abiatutako bilaketa lanetan, agenteek hiru gizonak aurkitu zituzten inguruko kaleetan. Horietako bat banku batean eserita zegoen, ustez zaintza lanak egiten, eta beste bat lokaleko segurtasun kamerek grabatutako irudiekin bat zetorren.
Poliziak, atxiloketen unean, 200 euro inguru atzeman zizkien. Horrez gain, susmagarriak aurkitu zituzten lekutik gertu dagoen zabor edukiontzi batean aurkitu zuten lapurtutako kutxa erregistratzailea, hustuta eta behartu izanaren zantzuekin. Bi atxilotuak epailearen esku utziko dituzte, ertzain etxeko izapideak amaitu bezain laster.

