Sailkatzeko zaila den liburu bat, bitartasuna hausteko
Ibon Egaña eta Kay Subijana, 'Argonautak' liburua aurkezten. Xalba Ramirez Ibon Egaña EHUko irakasle eta literaturan adituak itzulitako lehenengo liburua aurkeztu du gaur: Maggie Nelson estatubatuarraren lan garrantzitsuenetako bat den Argonautak. Katakrak argitaletxeak ekarri du Nelson lehenengo aldiz euskaraz irakurtzeko aukera, eta Kay Subijana donostiarrak egin du hitzatzea.
Klixea dirudien arren, “sailkatzeko zaila” den liburu gisa aurkeztu dute Argonautak. Kasu honetan, Egañak nabarmendu moduan, edukia eta forma bat datoz. Izan ere, bitartasunari kritika batetik abiatuz, narrazioaren, saiakeraren eta autobiografiaren artean mugitzen den lan fragmentarioa da honakoa. Harrapatzeko zaila, irakurraldi bakoitzean eremu berri batera eramaten duelako irakurlea.
Liburu honen muina Nelsonek Harry Dodge artista transgeneroarekin duen maitasun harremana da, zeinetan Nelsonen amatasuna eta bizitzarekiko kezka “existentzialak” nahasten diren XX. mendeko autore garrantzitsuenen gogoetekin batera: Judith Butler, Roland Bartshes, Susan Sontag, Michel Foucault, Ludwig Wittgenstein…
Hizkuntzari garrantzia eman dio Egañak. Nelsonek hizkuntzaren mugak aztertzen dituelako, forma eta moldeei dagokionean. Baina hizkuntzaren gainean hausnartzen du baita ere Nelsonek: “Maite zaitut esaten dugun aldiro gauza desberdin bat esaten dugu. Berdina ama, trans edo seme-orde esatean”. Hortxe topatzen dugu izenburuaren azalpena. Egun bogan dauden Argonautak itsasontzian abiatu ziren bidaia luze batean. Bidaia horretan, barkuko pieza guztiak aldatu zituzten, baina barkuari izen bera mantendu zioten. Ordea, zergatik diogu barku bera dela, erabat aldatu den arren? Eta beste barku bat bada, noiz izendatu honela?
Autoteoria
Egañak azaldu duenez, autobiografia baino, “autoteoria” gisa deitu izan zaion genero baten erakusle behinenetako bat da Nelson eta Argonautak lan hau. Bere bizitzarekiko “errekonozimendu” bat bilatu baino,” zintzotasun intelektualetik” abiatuta, “irudimen kritiko eta sortzailea garatzea” bilatzen du autoreak. Zentzu horretan, teoriarekin duen harremana interesgarria da: “Bizitza ez da teoriaren konfirmazioan; kontrara, kontraesanean dago”.
Gibel solasa egin duen Kay Subijanak nabarmendu du “gorputzetik egiten den literatura” interesatzen zaiola. Ordea, falazia bat salatu du: “Literatura guztia egiten da gorputzetik, baina batzuk soilik izendatzen dira horrela”. Gorputz normatiboek ez dutelako kategoria hori irabazten. Honela, “binarismo horri kontra egitea da liburuaren erdigunea”. Egañak nabarmendu du Subijanaren hitzatzeak “ispilu jokoa” egiten diola liburuari, molde literarioago batean idatzia delako.
Egañak azaldu duenez, Nelsonen idazketak beti uzten du zirrikituren bat libre, lan handiek nola, ezin da bi esalditan laburtu, eta, horregatik “Argonautak irakurtzen amaitzean, liburua berriro irakurtzeko gogoa pizten da”. Udazken honetarako irakurgai aproposa.

