Sei milioi euro bideratuko ditu aldundiak Eskusaitzetako Mubil Business Centerren eraikin berrirako
4.500 m²-ko eraikin berriak, 6,6 milioi euroko inbertsioarekin, aukera emango du MUBILen ezagutza eta berrikuntza ekosistema handitzeko eta Gipuzkoak "Europako erreferente gisa duen posizionamendua indartzeko".
MUBIL Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriaren Poloa, Eskusaitzetan.Gipuzkoako Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur onartu du MUBIL Business Centerren obren lizitazioa. Eraikin berriak MUBIL Gipuzkoako mugikortasun iraunkor, adimendun eta konektatuaren ekosistemari eta Eskuzaitzetako guneari lotutako enpresen eta start-up-en hazkundea eta sendotzea sustatuko du. Irune Berasaluze foru bozeramailearen hitzetan, “eraikin berria aurrerapauso handia da MUBILen hazkunde estrategian eta Gipuzkoan mugikortasun berriaren inguruko ezagutza aurreratuaren, berrikuntzaren eta enpresa-jardueraren polo bat sendotzeko Aldundiak egindako apustuan”.
Kontratuaren lizitazioa 6.619.906 euroan egingo da, eta 17 hilabeteko epea aurreikusten da kontratua gauzatzeko. Eraikina egungo MUBIL Centerren ondoan egongo da, eta 4.500 metro koadro inguruko azalera izango du, bulego espazioekin, I+G laborategiekin eta testak eta prototipoak garatzeko gune teknikoekin. Aurreikuspenen arabera, lanak urte honen amaieran hasiko dira, Berasaluzek aurreratu duenez.
“MUBILek bere lehen urtean erakutsi du Gipuzkoan badugula mugikortasun jasangarri eta adimendunean Europako erreferente bihurtzeko gaitasuna duen ekosistema bat. MUBIL Business Center eraikitzeak aukera emango du ekosistema horren inguruko gaitasunak handitzeko eta enpresa berritzaileen hazkundean laguntzeko”, adierazi du bozeramaileak. “Aldundiaren helburua azpiegitura berri bat sortzetik harago” doala azpimarratu du bozeramaileak. MUBIL Business Centerrek ingurune espezializatu bat eskainiko du sektoreko enpresa berritzaileen eskalagarritasuna errazteko, garapen faseetatik hazkunde eta sendotze etapetara duten bilakaera erraztuz. Horrela, egungo MUBIL Centerren gaitasunak osatuko ditu, eta poloaren inguruan sortutako ekosistemaren inpaktua zabaltzea ahalbidetuko du.
Eskuzaitzetan hazten ari den ekosistema
MUBIL Business Centerren lizitazioa MUBIL Poloaren finkatze fasearekin batera egin da, jardueraren lehen urtearen ondoren. Denbora honetan, “mugikortasun jasangarriaren ekosistemaren barruan konexio nodo gisa” finkatu da zentroa; “testatze, ekintzailetza eta lankidetza jarduerak bultzatuz eta bere ingurunean ezagutza aurreratuko eta berrikuntzako gune bat sortzen lagunduz”. Eraikin berria eraikitzeari gehitu behar zaio laster 6.683 eta 3.336 metro koadroko bi partzela jarriko direla pertsona eta enpresen eskura, MUBILen ingurunean mugikortasun jasangarriari eta adimendunari lotutako enpresa eta proiektu berritzaile berriak ezartzen laguntzeko.

