Altzako kiroldegia handitu eta berritzeari ekingo diote astelehenean
Altzako kiroldegia. Astelehenean, hilak 14, hasiko dituzte Altzako Udal Kiroldegiko gimnasioa handitzeko eta berritzeko lanak. Hala, azpiegitura hobetu eta azken urteotan izandako erabiltzaile kopuruaren gorakada nabarmenari erantzun nahi dio udalak. Izan ere, iaz, 337.000 erabilera baino gehiago izan zituen azpiegiturak, eta gimnasioak 150.000 sarbide baino gehiago erregistratu. Eguneko batez bestekoa 400 pertsonatik gertu egon zen, eta zenbait egunetan 800 pertsonatik gora heldu zen.
Jarduketa honen bidez, gimnasioaren egungo azalera 400 metrotik 600 metro koadrora pasatuko da eta edukiera ere handituko du, 80 pertsonatik 120ra. Halaber, gimnasioaren eremuak berrantolatu egingo dituzte, pisu libreari bideratutako handiagotuta, erabiltzaileek gehien eskatzen duten guneetako bat baita. Bertan, makinak eta materiala ere gehituko dute. Horrez gain, luzaketak eta entrenamendu funtzionala egiteko eremu gehiago egokituko dituzte, eta erabiltzaileek gehien eskatzen dituzten makinetako batzuk jarri, besteak beste, polea-arkua, bizikleta bertikalak eta eliptika laburrak.
Handitzeko lanak kiroldegiko sarrerako atariko espazioan gauzatuko dituzte, taberna-kafetegia jartzea aurreikusita zegoen espazioan. Gainera, barneko eskailera bat eraikiko dute, egungo gimnasioa eta sortuko dutena lotzeko.
Arduradunek aurreikusi dutenez, lanek lau bat hilabete iraungo dute, beraz, espero dute kiroldegia urtarrilean berriro ireki eta erabilgarri egotea. 286.530 euroko inbertsioa izango du eta Paco Yoldi eta Zuhaiztiko gimnasioekin batera, udal kirol azpiegituren sareko mota honetako handienen artean kokatuko da.

