Astebururako plan bila Donostian?
Beñat Gaztelumendi bertsolaria, kantuan.Andrea Bosch Alfaro Zer plan duzu asteburu honetan Donostian? Jakin badakizu igande goizean Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia jokatuko dutela badian, eta, beraz, jai giroa egongo dela egun osoan zehar Parte Zaharrean. Hortik harago, ordea, bestelako planik ere egin dezakezu asteburuan zehar Donostian. Hain zuzen ere, ez ahaztu Jolastokietako jaiak, Aieteko jaiak eta Intxaurrondo Zaharreko jaiak ospatuko dituztela ostiraletik igandera; hemen dituzue egitarauak. Bestetik, gure agendan ekitaldi aukeraketa zabala aurkituko duzue, eta egun bakoitzeko plan proposamen bat egingo dizuegu jarraian.
Ostiralean (hilak 11), Boga Boga jaialdira joatea da gure gomendioa, Alice Phoebe Lou, Bodega, Cervatana, Mursego, Rachid B eta Llucia Pla ariko baitira Miramar Jauregian, 18:00etatik aurrera. Sarrerak 35 euroan eskuragarri daude, jaialdiaren webgunean.
Larunbatean (hilak 12), Euskal Jaien barruko Donostia Bertsotan bertso saioa proposatuko dizugu. Trinitate plazan egingo dute, 20:00etan, eta Miren Amuriza, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaran ariko dira Ainhoa Urienek proposatutako gaiei bertsoak jartzen.
Iganderako (hilak 13), antzerki proposamen bat: La Dramatica Errante konpainiaren R&J antzezlana, Egia Kultur Etxeko Gazteszena aretoan, 19:00etan. Sarrera, 10 euro.
Bonus track. Astean zehar egiteko plan bat ere proposatuko dizugu: Sihara Nuño, Nagore Perez eta Xoan Alonsoren Ilargi/Luna poesia errezitaldia, KMK Santa Teresa aretoan, astelehenean (hilak 14), 19:00etan. Doan.

