Donostiako Udalak Publikoaren Sariaren babesletza berretsi du
Jose Luis Rebordinos eta Jon Insausti, Viktoria Eugenia antzokian.Donostiako Udala 74. Donostiako Zinemaldiko Perlak saileko hamasei filmetako batek eskuratuko du Donostia Hiria Publikoaren Saria. Donostiako Udalak hamaikagarren urtez berretsi du babesletza, eta herritarrei egindako omenaldia dela nabarmendu du. Izan ere, herritarrek erabakitzen dute film saritua, bozketa bidez.
Donostia Hiria Publikoaren Saria bi sari desberdinez osatuta dago: Film Onenaren Saria, 50.000 eurokoa, eta Europako Film Onenaren Saria, 20.000 eurokoa. Bi film irabazleak hiriarekin betiko lotuta geratuko dira parte-hartzearen medioz emandako sari horren bidez.
“Donostian zinema herritarrena izatea nahi dugu eta gure festibalari izaera herrikoia eman nahi diogu. Publikoak ematen dio zentzua filmari eta publikoari ahotsa ematea zilegi iruditzen zaigu. Ekitaldi mundiala dugu gure hirian, nazioartean ospe handikoa, baina gurea dela azpimarratu nahi dugu, donostiarron nortasunaren adierazle, donostiarron neurrira egindakoa. Donostiarron Donostian, zineak mundu zabalera ez ezik, etxe barrura ere begiratzen du”, adierazi du Jon Insausti alkateak.
“Gainera, globalizazio garaiotan, pantailen kontsumoa bakardadean egitera ohituta dagoen munduan, zinemaldia komunitatean partekatu nahi dugun zerbait da. Hala ospatzen ditugu hemen gureak diren ekitaldiak eta gutaz hitz egiten dutenak. Bizi dezagun giro donostiar sano batean, beraz, aurtengo zinemaldia; eta, batez ere, goza dezagun Publikoaren Saria, Zinemaldiko perla kuttun hau”, gaineratu du
Iaz, Donostia Hiria Publikoaren Saria jaso zuen Kaouther Ben Haniaren The Voice of Hind Rajab filmak, Venezian Zilarrezko Lehoia —Epaimahaiaren Sari Nagusia— jaso ondoren. Gainera, Maïlys Vallade eta Liane-Cho Han zuzendarien lehen lan luzea den Amélie et la métaphysique des tubes filmak Europako film onenaren Publikoaren Saria eskuratu zuen, Cannesko Sail Ofizialean proiekzio berezi batean aurkeztu eta Annecyko jaialdian Publikoaren Saria irabazi ondoren.
Langabeentzako sarrerak doan
Aurreko urteetan bezala, Donostiako Udalak Donostia Zinemaldirako 1.000 gonbidapen banatuko ditu udalaren webgunean, 010 telefonoan eta Udalinforen edozein bulegotan eskabidea egiten duten langabeen artean. Gonbidapenak datorren astelehenetik asteazkenera bitarte eska daitezke, eta langabezian egonik Donostian erroldatuta dauden eta 18 urtetik gorakoak diren pertsonek eska ditzakete. Udalinfok datuak egiaztatu ondoren, gonbidapenak Udalinfo bulegoan (Ijentea kalea) jaso ahalko dira. Bertan, nortasun agiria eta langabeziaren ziurtagiria aurkeztu beharko dira. Gonbidapenak jasotzeko epea irailaren 16ko 14:00etan amaituko da.
Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek, Donostiako Udalarekiko lankidetza horren balioa azpimarratu du berriz: “Zinemaldiak gizartearen errealitate ezberdinei adi dagoen espazioa izaten jarraitu nahi du. Filosofia hori programazioaren bidez lantzen dugu, beste begirada eta esperientzia batzuei ikusgarritasuna emanez, baina baita sari hau bezalako ekimen zehatzen bidez ere. Ekimen horiek gizarte osoa inplikatzen eta zinemara iristea errazten laguntzen dute”.

