EH Bilduk Nerea Kortajarena proposatu du Donostiako alkategai izateko
Nerea Kortajarena, EH Bilduk proposatutako Donostiako alkategaia.EH Bildu Zurrumurrua baieztatu du EH Bilduk: Nerea Kortajarena Ibañez proposatu du 2027ko maiatzaren 23an egingo diren udal hauteskundeetan bere alkategaia izateko. Hala jakinarazi du Donostiako EH Bilduren Idazkaritzak: “Gipuzkoako hiriburuko lehen emakume alkatea izateko beharrezkoak diren gaitasun guztiak biltzen ditu. Gizarte langilea, eta hiria, auzoak eta bizilagunak sakon ezagutzen dituena, Kortajarenak Donostiak behar duen norabide aldaketa bideratzeko beharrezko bermeak eskaintzen ditu”.
Juan Karlos Izagirre EH Bilduren egungo bozeramaileak joan den astean iragarri zuen hurrengo urtean ez dela alderdiaren alkategaia izango, eta, ordutik, Kortajarenarengan zeuden begirada guztiak. Orain, alderdiak bere hautagaitza proposatu ostean, proposamen hori berretsi beharko dute Donostiako EH Bilduren militanteek, hautaketa prozesu baten bidez; bestelako hautagaitzak ere aurkeztu daitezke.
Kortajarena EH Bilduren Programa idazkaria da gaur egun, eta legebiltzarkidea Eusko Legebiltzarrean, 2016tik. Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua izan zen, eta “emaitza historikoa” lortu zuela nabarmendu du alderdiak, “ezker subiranistak botoen %40 gainditzea ahalbidetuz”.
Jaiotzez donostiarra eta Loiola auzoko bizilaguna da Kortajarena, eta “haren gertutasuna, esperientzia profesionala eta ibilbide politiko sendoa gehitu behar zaizkio ezker independentistaren komunitatearen barruan oso baloratua dagoen profilari”, EH Bilduren hitzetan.

