El Vaskitok erosi du Ordiziako gazta txapelketako irabazlearen erdia
Igarako jatetxeko irudi bat.EL Vaskito Igara bidean dagoen El Vaskito jatetxeak 5.400 euro ordaindu du Ordiziako Gazta Txapelketa irabazi duen gaztaren erdiagatik. Aurtengo txapelketara 49 gazta aurkeztu dituzte, hogei gipuzkoarrak, eta onena Araiako Unai Lekuona Ruiz de Luzuriaga artzainak egindakoa izan da. Hala erabaki du Pedro Subijana buru zuen epaimahaiak, besteak beste, Martin Berasategi, Elena Arzak edota Hilario Arbelaitz sukaldariek osatua.
Ohikoa denez, irabazlea ezagutarazi ondoren egin ohi den enkantean, El Vaskito jatetxeko arduradun Iñaki Azkuek eskuratu du gaztaren erdi bat. 6.000 euroko eskaintza egiteko prest bazegoen ere, azkenean, 5.400 euroan eskuratu du. Hala, aurten iaz baino 200 euro garestiago izan da gazta txapelduna eskuratzea; izan ere, iaz Parte Zaharreko Itxaropena jatetxeak 5.200 euro ordaindu zituen. Errekorra, hala ere, urruti dago. 2014an Idiazabalgo Ampo kooperatibak 13.050 euro ordaindu zituen.

